Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua Euskadi Irratiko Faktorian izan da gaur, Iñaki Guridik egindako elkarrizketan.
Espainiak eta Portugalek Europako Batzordearekin gasaren prezioaren inguruan lortu duten akordioa eraginkorra izango dela adierazi du Azpiazuk eta familia eta bereziki enpresentzat lagungarri izango dela. Neurriak inflazioa jeisten lagunduko duela uste du eta urtearen bigarren zatian prezioek behera egitea aurrikusten du.
Inflazioaren ondorioei dagokionez prezioen igoeraren faktura "denon artean" ordaindu behar dela uste du sailburuak. Bere iritziz, konponbidea ez da soldatak KPIaren arabera igotzea eta ohartarazi du hori eginez gero inflazioak gora egingo lukeela eta arazoa handiagoa litzatekeela. Hala ere, orain egindako ahalegina gerora konpentsatzea defendatu du eta horretarako enpresarien, sindikatuen eta erakundeen arteko akordioaren beharra ikusten du. Nazioarteko Diru Funtsak aparteko irabaziak izan dituzten enpresek ahalegin berezia egindako proposamenarakin, zerga gehiago ordainduz, bat etorri da Pedro Azpiazu sailburua.
BBVAk euskal ekonomiaren inguruan egin dituen aurrikuspenen inguruan, Jaurlaritzarenak baino ezkorragoak, alarmistatzat hartu ditu. Duela hilabete moldatu zituen Jaurlaritzak bere aurrikuspenak, hazkundea % 4,5era murriztuz eta "mometuz" kalkuluak ondo daudela esan du.
Jaurlaritzak 2020ko hondamendiari aurre egiteko zorpetzera jo zuela esan du eta Europak gastu alorrean onartutako malgutasuna aprobetxatu zuela inbertsio garrantzitsuak egiteko. Interes tasen igoerek zor jaulkipenen prezioa zertxobait igoarazi duela onartu du baina Euskadik zorpetze maila baxua duela gogoratu du. Hala ere hurrengo urtean aurrekontuak estuagoak izan litezkeela onartu du.
Presio fiskalaz galdetuta, areagotzeko aukera egpn badagoela onartu du baina une honetan horretarako beharrik ez du ikusten diru bilketa handitu delako eta baliabide nahiko dutelako. Etorkizun batean, hala ere, behar izanez gero erabaki berriak hartu litezkeela ere esan du.
Azpiazu Zedarriak foroak berriki kaleratu duen txostenaren inguruan ere aritu da Euskadi Irratiko mikofronoetan. Txostenak Euskadiren hazkundea eremuko beste eskualdeen aldean motela dela dio eta ikerketa rankinetan goiko postuetatik urrun gaudela. Gizarte babesean indar asko jarri dela dio txostenak baina ez, aldiz, aberastasuna sortzean. Azpiazuk txostena xehe irakurri duela esan du eta bere garrantzia aitortu die egileeei. Alde batena baino ez dela ere esan du eta enpresa mundua eta enpresariak ikusten ditu atzean. Zentzu honetan denon artean diagnostiko bateratua egiteko deia egin du sailburuak.