Urte osoko lana egun guti batzuetan erabakitzen da. Udazkenean erein, neguan eta udaberrian zaindu, eta hilabete luzez eguraldiaren menpe egon den uzta biltzeko garaia da orain. Horregatik, egun hauek ez dira bertze edozein egun bezala nekazarientzat. Uzta biltzea azken txanpan sartu da, baina inork ez du oraindik aurreratu nahi nolakoa izan den kanpaina. Goizegi da ondorioak ateratzeko.
Nafarroan, zerealaren kanpainak urtero antzeko bidea egiten du. Oro har, Erriberan hasten dira lehen uzta-lanak, tenperatura epelagoek laboreak lehenago heltzen baitituzte. Ondotik, Nafarroako Erdialdera hedatzen da, eta azkenik Iruñerrira eta iparraldeko eskualdeetara ailegatzen da. Baina horrek ez du erran nahi eskualde batean lana bukatu eta bertzean hasten denik. Uztailaren erdialdetik goiti, Nafarroako bazter aunitzetan ari dira aldi berean lanean. Zenbait tokitan azken soroak biltzen ari dira; bertze batzuetan, berriz, lehendabiziko hektareak hasi dituzte. Kanpaina bizirik dago oraindik lurralde osoan. Beorlegin ere bai, noski.
Urraulgoitiko herri ttiki horretan bizi da Pablo Ekisuain. Aintzinpirinioan kokatzen da, Iruñetik ipar-ekialdera, 640 metro inguruko garaieran. Altuera horrek baldintzatzen du laborantzaren erritmoa ere. "Hemen beti pixka bat beranduago hasten gara", erran digu. "Ez da gauza bera Erriberan edo hemen".
Ekisuain: "Lurra prestatu, erein, belarrari eta gaitzei begira izan, euria noiz helduko zain izan... Fite ikusiko da urte osoan egindako lanaren emaitza"
Ekisuainek hogei urte baino gehiago daramatza laborantzan. Garia, garagarra, oloa, baba eta bertze labore batzuk ereiten ditu, eta badaki urte bakoitza desberdina dela. "Oraindik goizegi da aurtengo uzta nolakoa izanen den errateko", bota du irribarrez. "Baina gibelean urte oso bateko lana dago. Lurra prestatu, erein, belarrari eta gaitzei begira izan, euria noiz helduko zain izan... Fite ikusiko da urte osoan egindako lanaren emaitza".
Aurtengo kanpaina beroak pixka bat aitzinatu badu ere, ez da ausartzen baloraziorik egitera. "Oraindik ezin da deus erran. Finitu arte ezin da jakin nolakoa izanen den". Horixe da, hain zuzen ere, egun hauetan sektorean gehien errepikatzen den leloa.
Beorlegin lan egiteak badu bertze alde on bat ere. "Pribilegio bat da etxetik hain hurbil lan egitea", erran du. "Ez dut autorik hartu behar. Etxetik irten eta bertantxe soroan naiz". Haren ustez, bizi den herrian bertan lan egitea ez da erosotasun hutsa; lurrarekin eta ingurunearekin lotura estua izateko modua ere bada.

Eguraldia lagun, goizeko lehendabiziko tenorean hasten dira lanean, bero handiena iritsi baino lehen ahalik eta lan gehiena egiteko. Azken egunetako bero handiak, ordea, zuhurtzia handiagoz aritzera behartu ditu. Sute arriskua dela eta, auzoko hainbat lagun hurbildu zaizkio laguntzera, uzta biltzen ari ziren bitartean txinpartarik edo ezohiko gorabeherarik sortzen ote zen begiratzeko. "Eskertzekoa da. Azkenean, denok gaude adi, eta elkarri laguntzen diogu", azaldu du. Haren hitzetan, uzta garaian dena ongi antolatu behar da, presak ez du laguntzen. "Zerealak bere erritmoa dauka, eta guk harekin batera joan behar dugu".
Laborantza ekologikoari esker, sektoreko jende aunitz ezagutu du urte hauetan: bertze nekazariak, okinak, hazi-etxeetako arduradunak eta elikadura kateko bertze profesional batzuk
Nekazaritzak, gainera, soroetatik harago doan sare bat sortu du. Laborantza ekologikoari esker, sektoreko jende aunitz ezagutu du urte hauetan: bertze nekazariak, okinak, hazi-etxeetako arduradunak eta elikadura kateko bertze profesional batzuk. "Harreman horiek ere biziki garrantzitsuak dira. Aunitz ikasten da elkarrengandik". Izan ere, zereala ez da uztarekin bukatzen; handik aitzina hasten da alearen bidea, irin bihurtu eta ogi edo bertze elikagai bihurtu arte.
Pabloren hitzek bat egiten dute Julio Álvarez INTIAko teknikariaren azalpenekin. Haren erranetan, aurtengo kanpaina eguraldiak baldintzatu du hasieratik. Negua sobera euritsua izan da eta horrek belar aunitz sortu du soroetan. Ondotik, udaberrian idorte tarteak eta euriak txandakatu dira. Horregatik, gaur-gaurkoz ezin da erran aurtengo uzta nolakoa izanen den.
Álvarezek erran digunez, bero goiztiarrak uzta zertxobait aitzinatu du, baina erritmoa, oro har, ohikoa da. Aurten, gainera, koltza gutiago erein da, eta hainbat tokitan garia, garagarra, oloa, ilarra, baba eta koltza ia batera heltzen ari dira. Horrek antolaketa handiagoa eskatzen die nekazariei, laborantza desberdinak denbora berean biltzen hasi baitira.
Negua sobera euritsua izan da eta horrek belar aunitz sortu du soroetan. Ondotik, udaberrian idorte tarteak eta euriak txandakatu dira
Uzta garaia urteko unerik erabakigarrienetako bat da. Hilabete luzez egindako inbertsioak —hazia, ongarria, erregaia, makinen mantentzea eta lanorduak— fruituak dakartza. Horregatik, sektorea zuhurtziaz mintzo da. Zenbakiak ez dira oraindik mahai gainean.
Iaz, Nafarroan 880.000 tona zereal bildu ziren. Aurten, ordea, inork ez du konparaziorik egin nahi oraindik. Kanpaina ez da bukatu, eta behin betiko datuak agorrilaren hasieran emanen dituzte.
Ekisuainentzat, ordea, laborantza ez da tonatan edo hektareatan bakarrik neurtzen. "Urte bakoitzak zerbait irakasten dizu", erran du. "Batzuetan uzta hobea ateratzen da, bertze batzuetan okerragoa. Baina gustuko dudan lana da, eta hemen, etxe ondoan, egitea pribilegio bat da".
Beorlegiko soroetan lanean segitzen dute. Eta haiek bezala, Nafarroako bertze eskualde aunitzetan ere bai. Traktore hotsa oraindik ez da isildu. Behin betiko balantzea egiteko garaia hurbiltzen ari da, baina, oraingoz, nekazariek nahiago dute lanean segitu eta datuak ailega daitezen igurikatu. Hori izanen baita aurtengo kanpainaren benetako neurria.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta