Erasmus+ egonaldiak ia erritu bilakatu dira unibertsitateko gazte askorentzat: atzerrira joan, hizkuntza bat hobetu eta beste kultura batean murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Hala ere, esperientzia erakargarri horrek badu beste alde bat ere: kostu ekonomikoa. Izan ere, jasotzen diren dirulaguntzak lagungarri diren arren, askotan ez dira nahikoa egonaldiko gastu guztiak estaltzeko, eta ikasle askok bere poltsikotik aurreratu behar izaten dute diruaren zati handi bat. Horren harira, EnpresaBIDEAn kalera atera gara gazteek Erasmus+ esperientziari buruz zer iritzi duten jakiteko (bideoa ikusgai artikuluaren amaieran).
Programa Europako Batasunak bultzatzen du, eta estatu kideek zein autonomia erkidegoek osatzen dute finantzaketa. Testuinguru horretan, Erasmus+ programa eraldaketa betean dago gaur egun, eta etorkizuna ere jokoan du: 2021-2027 aldirako plana amaitzear da, eta jada 2028-2034 aldirako markoa negoziatzen ari dira; hartuko diren erabakiek baldintzatuko dute datozen urteetako nazioarteko mugikortasuna Europan.
Oinarria: Europa
Ikasleek jasotzen duten oinarrizko laguntza Europatik iristen da. Zenbatekoa zehazteko kontuan hartzen da, bai egonaldia egingo duen pertsonaren jatorrizko herrialdea, baita helmugako herrialdea ere, bi tokien arteko bizi-kostuan zenbateko aldea dagoen aztertzen baita. Hala, hiru multzotan banatzen dira herrialdeak:
- 1. multzoa (kostu altua dutenak): Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Finlandia, Frantzia, Irlanda, Islandia, Italia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereak eta Suedia.
- 2. multzoa (kostu ertaina dutenak): Zipre, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Espainia, Estonia, Grezia, Letonia, Malta eta Portugal.
- 3. multzoa (kostu baxua dutenak): Bulgaria, Kroazia, Hungaria, Lituania, Ipar Mazedonia, Polonia, Errumania, Serbia eta Turkia.
Sailkapen horretatik abiatuta, ikasleak jasotzen duen hileko laguntza aldatu egiten da antzeko bizi-maila, handiagoa edo txikiagoa duen herrialdearen arabera. Helmugaren bizi-kostua jatorrizkoaren antzekoa denean (talde bereko herrialdeen artean mugitzean), maila ertaineko dirulaguntza aplikatzen da, hilean 292 eta 606 euro artekoa. Ikaslea herrialde garestiago batera joaten bada, laguntza handitu egiten da, eta 50 euro gehitzen zaizkio batezbesteko tarte horri, hau da, hilean 348 eta 674 euro artean jasotzen dira. Aldiz, helmuga merkeagoa bada, dirulaguntza murriztu egiten da, gutxienez 50 euro kenduta, hileko 225-550 euro inguruko kopuruekin.
Eusko Jaurlaritzak Europako laguntza osatzen du, gehienez ere hilean 390 eurora iritsi arte
Tarte horiek Europako Batzordeak ezartzen ditu, baina agentzia nazionalek zehazten dute kasu bakoitzaren zenbatekoa, eta, beraz, aldaketa txikiak egon daitezke beka kudeatzen duen herrialdearen arabera. Kontuan izan behar da laguntza hori egonaldi-gastuetarako ekarpen gisa pentsatuta dagoela, eta ez bidaiaren finantzazio oso gisa. Horrexegatik, kasu askotan eskualdeko edo estatuko beste laguntza batzuekin osatu behar izaten da Erasmus+ programa, besteak beste, Nafarroan eta EAEn eskaintzen direnekin.
Hego Euskal Herriaren kasuan, hain zuzen ere, 2.550.000 euro erabiliko dira ikasturte honetan ikasleek atzerrian ikasketak egin ditzaten; haatik, zatirik handiena EAEn inbertituko da, 2.2 milioi euro. Nafarroako Gobernuak diru gutxiago bideratzen du, hortaz, programara: 350.000 euro besterik ez. Hala, autonomia erkidego bakoitzak bere erara kudeatzen duenez Erasmus+ programa, beka mota desberdinak jasotzen dituzte EAEkoek eta Nafarroakoek.
Nafarroako ikasleentzako dirulaguntza
Nafarroako aurrekontua 2025-2026 ikasturterako 350.000 eurokoa izango da. Esan beharra dago 2021-2022 ikasturtean aurrekontua 260.000 eurokoa zela, eta urtez urte inbertsioa pixkanaka handituz joan dela. 2025-2026 ikasturtera bueltatuz, egonaldia aurten egingo duten ikasleen kasuan, bakoitzak 120 euroko oinarrizko dirulaguntza jasoko du hilean Nafarroako Gobernuaren eskutik (Europako laguntzaren gehigarri gisa); aste bakoitzeko, aldiz, 30 euro ordainduko dira.
Badira zertxobait gehiago jasoko duten pertsonak ere, izan ere, 200 eurorainoko laguntza emango zaie hilean (edo 50 eurokoa astean) egoera pertsonal edo ekonomiko jakin batzuetan dauden ikasleei: ikasketa-beka orokor baten onuradun izan direnei (hala nola, Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministeriokoak edo Nafarroako Gobernukoak), bai eta gutxienez %33ko desgaitasun aitortua dutenei ere. Guraso bakarreko familietako edo familia ugarietako kide diren ikasleak, Errenta Bermatua jasotzen duten familietatik datozenak, terrorismoaren edo genero-indarkeriaren biktima izan direnak eta errefuxiatu-estatusa dutenak ere sartzen dira talde horretan.
Nafarroako laguntza jasotzeko gutxienez bi hilabeteko estantziak egin beharko dira atzerriko herrialdean, eta gehienez bederatzi hilabeteri dagokion zenbatekoa jasoko da
Hori bai, laguntza jasotzeko gutxienez bi hilabeteko estantziak egin beharko dira atzerriko herrialdean, eta gehienez bederatzi hilabeteri dagokion zenbatekoa jasoko da. Bigarren aldiz dirulaguntza hau jasotzen dutenek alegia, Erasmus+ programan bigarren urtez parte hartzen dutenek, asko jota 12 hilabetetarako laguntza izango dute, bi urteak kontuan izanik.
EAEn ez bezala, Nafarroako Gobernuak aurten ere erabaki du laguntzen zenbateko osoa transferitzea behin ikasleek egonaldia amaitu dutenean. Beste era batera esanda, ikasle bakoitzak bere gastuak ordaindu beharko ditu, eta behin egonaldia amaitu eta benetako iraupena zein izan den jakitean soilik jasoko du Nafarroako dirulaguntza. Ordainketak 2026ko ekainean, irailean edo/eta abenduan egingo ditu foru erakundeak.
EAEn 390 euro, gehienez
EAEk diru kopuru berbera inbertitu du azken lau ikasturteetan ikasleen esperientzia akademiko honetan: 2.200.000 euro.
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak ez bezala, ez du beka independente bat ematen, baizik eta Europako laguntza osatzen du gehienez ere hilean 390 eurora iritsi arte, eta, beraz, ikasle guztiek ia kopuru bera jasotzen dute, helmugako herrialdea edozein dela ere.
Azken urteetan ohikoak izan dira beka osagarri pribatuak ere, banku eta fundazioek eskaintzen dituztenak
Hau da, Europako laguntzaren bitartez hilean 270 euro jasotzen dituen ikasleak, EAEko beka eskuratu ahal izango du eta, orotara, 390 euro eskuratuko ditu. Europatik hilero 400 euro lortzen dituenak, aldiz, 400 euro horiek soilik jasoko ditu, Eusko Jaurlaritzak ez baitio gehiago emango.
Pertsonako eta hilabeteko 390 euroko langa berdin mantendu da 2022-2023 ikasturteaz geroztik, arestian esan bezala, Erasmus+ programaren zuzkidura handitu ez delako. Hala ere, 2021-2022 urtean are gutxiago jaso zuten EAEko ikasleek: guztizko aurrekontua 1.850.000 eurokoa zenez, pertsonako gehieneko laguntza 350 eurokoa zen, egun baino 40 euro gutxiago.
Laguntza gehigarriak eta bidaia-gastuak
Erasmus+ programaren oinarrizko hileko laguntzaz gain, badira beste diru-iturri batzuk ere ikasleen gastuak arintzeko. Alde batetik, Europako programak berak bidaia-gastuetarako dirulaguntza espezifikoa aurreikusten du. Ordainketa bakarra izaten da, eta jatorrizko eta helmugako hirien arteko distantziaren arabera kalkulatzen da, tresna ofizial baten bidez. Gainera, azken urteotan indartu egin da “bidaia berdea” deritzona: hegazkina saihestu eta tren edo autobus bidez mugitzen diren ikasleek diru gehiago jaso dezakete.
Bestetik, azken urteetan ohikoak izan dira beka osagarri pribatuak ere, banku eta fundazioek eskaintzen dituztenak. Kutxabankek, esaterako, nazioarteko mugikortasuna sustatzeko laguntzak plazaratu izan ditu azken urteetan, eta antzera jardun du BBVAk ere, unibertsitate-ikasleentzako beka programen bidez. Laguntza horiek ez dira beti esklusiboki Erasmusentzat, baina praktikan askok programa horretarako erabiltzen dituzte.
Ikasleak jasotzen duen hileko laguntza aldatu egiten da antzeko bizi-maila, handiagoa edo txikiagoa duen herrialdearen arabera
Hala ere, beka bat edo bestea jaso, kontuan hartu beharreko alderdi kritiko bat dago: ordainketen atzerapena. Askotan, laguntzak ez dira egonaldia hasi aurretik jasotzen, eta zenbaitetan (Nafarroan, kasu) amaitu arte ere ez. Horrek behartzen ditu ikasleak hasierako hilabeteetan gastuak bere kabuz ordaintzera (alokairua, fidantzak, garraioa, eguneroko bizi-kostua...). Ondorioz, nahiko ohikoa da lehen asteetan ziurgabetasuna eta urduritasuna sortzea, dirua noiz iritsiko zain. Horregatik, adituek eta unibertsitateek gomendatzen dute aurrezki minimo batekin joatea edo bestelako finantzazio-iturriak aurrez lotuta izatea.