Carlos Garaikoetxearen (Iruñea, 1938-2026) ekarpena esparru askotan aztertu daiteke. Esparru politikoan, sozialean,... Eta nola ez, ekonomikoan ere bai. Ekonomiatik ere aztertu daiteke bere ibilbide politikoa, ez zelako garai errazenetan iritsi lehendakaritzara, 1980ko hamarkadako krisi industrialaren erdian. Izan ere, 1980 eta 1985 urte bitartean izan zen lehendakari.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
1. Itun Ekonomikoa berreskuratzea
Frankismoak bertan behera utzi zuen Itun Ekonomikoa Bizkaian eta Gipuzkoan, probintzia traidoretzat jotzen baitzituen. Ez hala, Araban eta Nafarroan. Dena den, autogobernuaren eraikuntzaren baitan gakoetako bat zen, hain zuzen, nola berrezarri Itun Ekonomikoa lurralde guztietan, eta horren negoziazioa eta berrezarpena Garaikoetxearen garaian izan zen, Pedro Luis Uriarteren eskutik.
Kontzertu Ekonomikoa sistema berezi bat da, eskubide historiko bati erantzuna ematen diona. Horrek ezartzen du Foru Aldundien eskumena dela zergak bildu eta kudeatzea. Ondoren, Espainiako Estatuari “kupoa” izeneko ordainketa egiten diote, Estatuak eskaintzen dituen zerbitzuen truke.
Itunari esker, Euskal Autonomia Erkidegoak bere zerga-sistema propioa kudeatzeko gaitasuna berreskuratu zuen. Finantza-autonomia horrek ahalbidetu zuen ondorengo hamarkadetako inbertsio publiko indartsua eta zerbitzu sozialen eraikuntza. Hori bakarrik ez: egun hiru lurralde historikoek eta oro har EAEk duen kudeaketa ekonomikoaren oinarri da Itun Ekonomikoa
2. Lurralde Historikoen Legea
Testuinguru politiko oso gatazkatsuan onartu zen arren, eta alderdi barruko haustura azaleratu bazuen ere —harik eta Garaikoetxeak lehendakaritza utzi eta EA sortzera eraman zuen—, Lurralde Historikoen Legea ezinbesteko erreferentzia da euskal finantza-arkitekturaren logika ulertzeko.
Lege horrek zehaztu zuen, batetik, nola banatzen diren zerga-bilketaren baliabideak Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Banaketa ez da teknikoa; eskumenak eta finantza harremanen egitura osoa definitu zituen, tartean nork egiten duen bilketa, nork gastatzen duen zertan eta erakundeen arteko transferentziak egiteko modua. Bestetik, oro har barne antolaketa ezarri zuen, gerora diruaren inguruko gatazka potentzialak saihesteko gako izan dena.
3. Azpiegitura instituzional eta ekonomikoaren sorrera
1979ko Gernikako estatutuak ezarritako oinarri juridikoa azpiegitura insistuzional bilakatzeko egitekoa izan zuen bere taldeak. Azpiegitura hori sortzeak ez du eskatzen soilik erakundeen egituraketa; ekonomia moderno batek funtzionatzeko behar duen egitura publiko osoaren oinarria ezartzea eskatzen du.
Eusko Jaurlaritzaren kasuan, 1936ko aurrekaria bazuen ere, 1980ko hamarkada horretan ezarri zen benetako administrazio operatiboa, politika ekonomiko propioak diseinatzeko gaitasunarekin, tartean industrialak, finantzarioak edo enpleguari loturikoak.
Jaurlaritzaren jaiotzak berak eta Osakidetza bezalako entitateak bultzatzeak milaka lanposturen sorrera ekarri zuen, baina, oinarrian, ongizate estatu baten zimenduak ere ipini zituen. EITB, bestalde, sektore audiobisualaren hazi ere izan zen: batetik, komunikazio merkatu propio baten sorrera ekarri zuen; bestetik, industria kultural eta sortzailearen zutabeetako bat bilakatu zen hamarkada hartan.
Eta zein testuingurutan?
Arestian aipatu bezala, trantsizioa ia hasiberritan izan zen Garaikoetxea lehendakari, eta hori gutxi balitz, 1980ko hamarkadako krisi industrialak gogor kolpatu zuen EAE batean iritsi zen gobernura. Siderurgia, ontzigintza eta industria astuna kolapsatzen ari ziren bitartean, langabezia oso azkar igo zen, eta eskualde osoen egitura ekonomikoa arriskuan jarri zen.
Haren lantaldeari egokitu zitzaion industria-berregituraketaren urratsak ematea, errazak izan ez baziren ere. Gauzak hala, enpresa eta sektore zaharkituen birmoldaketa sustatu zuen, modernizazio teknologikoa eta industria lehiakorrago baten aldeko apustua eginda. Aldi berean, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-eredu berriak ezarri zituen, epe luzera euskal industria-ereduaren eraldaketarako oinarrizko izango zirenak.