Zerbitzuak etxetik gertu egotea eta haietara oinez iritsi ahal izatea nahi dute europarrek. Hala berretsi du Cruz Borges Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak koordinatutako ikerketa batek, zeinak 650 pertsonen erantzunak aztertu dituen egunerokoan zein mugikortasun eredu hobesten duten jakin asmoz.
Ikerketak hiru mugikortasun profil bereizi ditu: ahal den guztietan oinez ibiltzea nahiago dutenak, ahal den gehienetan ibilgailu pribatuaren edo garraio publikoaren mende daudenak, eta bi aukerak konbinatzen dituztenak. Oro har, bada emaitza argi bat: "Saltokiak, berdeguneak, haurrentzako parkeak edo garraio publikoko geltokiak bezalako zerbitzuak gertu izatea" komenigarria zaie biztanleen gehiengoari. Hala ere, ikasketa-zentroetara edo lanera iristeko oztopoek eragiten dute "hurbiltasunean oinarritutako hiri-eredurantz aurre egitea"; hau da, ikastera edo lan egitera joateko urrutira joan beharra dute askok eta askok.
Gauzak horrela, ikerketak ondorioztatu du biztanleen ohiturak ez direla beti norberaren lehentasunaren ondorio izaten, baizik eta hiriak berak eskaintzen dituen baliabideen ondorio. "Jendeak autoa erabiltzen du askotan hiriak oraindik ez dielako eskaintzen alternatiba eroso, hurbil edo eraginkorrik", zehaztu dute ikertzaileek. Horregatik, ikertaldeak argitu du hiri-politikak egiterako orduan biztanleria nola mugitzen den aztertu beharra dagoela, hartara auzo irisgarriagoak diseinatzeko, emisioak gutxitzeko eta bizi kalitatea hobetzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta