
Zerga-bilketa indartsu hazi da EAEn urteko lehen seihilekoan. Hiru Foru Ogasunek igoera nabarmenak izan dituzte aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Gipuzkoak 2.156 milioi euro bildu ditu guztira, hau da, 2024an baino %9,7 eta 190 milioi euro gehiago. Bizkaia 4.501 milioira iritsi da, %8,7ko igoerarekin (359 milioi gehiago), eta Arabak 1.708 milioi euro bildu ditu, %7,8ko hazkundearekin (78 milioi euro gehiago).
Hazkunde horren bultzatzaileetako bat Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) izan da. Bizkaiak aurreko urtean baino 111,2 milioi euro gehiago jaso ditu, alegia, %7,2ko igoera izan du; Gipuzkoan, igoera %5,1ekoa izan da, 55,6 milioi euro gehiagorekin, eta, Araban, aldiz, %6,8koa (25,5 milioi euro gehiago).
Sozietateen gaineko Zergaren portaera desberdina izan da. Bizkaian, diru-sarrerak 93,9 milioi jaitsi dira, 2024ko epe berean bildutako 196,7 milioien aldean. Gipuzkoan, aldiz, 2,6 milioi igo da kuota diferentzial garbia, eta Araban %4,1 hazi da bilketa, guztira 54,8 milioi euro jaso baitira, hau da, iaz baino 2,1 milioi gehiago.
BEZaren bilakaera ere era batekoa ala bestekoa izan da lurraldearen arabera. Bizkaiak 1.562 milioi euro jaso ditu, iazko ekainean baino 169,2 milioi gehiago (%12,2ko igoerarekin). Gipuzkoak 66,2 milioi gehiago bildu ditu (+%11,8), baina Arabak %0,5eko jaitsiera izan du (guztira 332,2 milioi euro jaso ditu, iaz baino 1,5 milioi gutxiago).
Azkenik, Hidrokarburoen gaineko Zerga Bereziari dagokionez, Bizkaiak joera negatiboa izan du, %5,3ko jaitsierarekin (469,7 milioi euro). Aitzitik, Arabak %19ko igoera nabarmena izan du, 112,4 milioi bilduta (17,9 milioi gehiago).