Zerga politika: hauteskunde kanpainaren protagonista ikusezina

Eusko Jaurlaritzak fiskalitatearen arloan eskumenik ez badu ere, zergen inguruko proposamen ugari egin dituzte hautagaiek

Arabako Ogasunaren egoitza, Gasteizen | Argazkia: Arabako Foru Aldundia Arabako Ogasunaren egoitza, Gasteizen | Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Eusko Legebiltzarra osatzeko bozkatuko dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiritarrek igande honetan. Politika publikoen ildo nagusiak arautuko ditu parlamentu berriak eta alderdiak buru belarri dabiltza azken asteotan Euskal Autonomia Erkidegoak aurre egin beharreko erronkak kudeatzeko proposamenen berri ematen. Etxebizitza, industria politika, hezkuntza, osasungintza... Asko dira legebiltzarkide berriek adostu beharko dituzten politikak. Zerga politika, baina, ez da horietako bat izango, Lurralde Historikoen Legeak zergen kudeaketa Foru Ogasunen esku uzten duelako. Tributu jakin batzuetan estatuarena arautzeko eskumena eta ogasunek bildu baino ez dituzte egiten. Beste zerga batzuetan, ordea, lurralde historikoetako Batzar Nagusiek zergak arautzen dituzte eta ogasunek bildu.

Pentsatzekoa zen, hortaz, zergen inguruko debatea hauteskunde hauetatik at geldiko zela baina hautagaiei entzutea baino ez dago hala ez dela izan ohartzeko.

Zergen inguruko debatea, gori-gorian

Betidanik politika fiskala debate publikoaren lehen lerroan izan bada, eragileek bolumena igo dutela esan genezake, jarrerak ozenago defendatuz. Alderdi Popularrak gobernatutako hainbat erkidegok ondarearen gaineko zerga salbuetsi eta gero Pedro Sanchezen gobernuak onartutako aberastasun handiaren gaineko aldi baterako tributuak, esaterako, estatu mailako bi alderdien arteko harremanak are gehiago aldrebestu zituen. Banku eta enpresa energetikoei ezarritako zerga berriak ere zer esan handia ematen zuten. Alderdiek ez ezik enpresariak ere debate publikoa berotu dute aurreko astean. Zergak jaisteko eskaria historikoari aldarrikapen berria gehitu dio Antonio Garamendi, estatuko enpresarien elkarteko buruak. Langileek soldata osoa kobratu eta gero gobernuak zergak kentzea eskatu du Garamendik, nominaren agirian zehazten den zerga zenbatekoa den are eta argiago ikusteko langileek.

EAEn zergen bilketak gora

Foru Ogasunen zerga bilketen berri izan dugu aste honetan. Bizkaiak 461,8 milioi euro bildu zituen martxoan, aurreko urtean baino %11,1 gehiago. Araban zergen bilketa %5,6 igo da eta Gipuzkoan %12,2. Foru Ogasunek, guztira, iaz baino 130 milioi gehiago bildu dute martxoa bitartean. Zenbateko horrek, tranpa apur bat badu, Bizkaiak 40 milioiko ez-ohiko sarrera izan zuelako.

Foru Ogasunek, guztira, iaz baino 130 milioi gehiago bildu dute martxoa bitartean

Ogasunen portaera ona ezin da ukatu, pandemia garaian bilketak atzera egin bazuen ere. Hamabost urteko azterketa egingo bagenu, ondorioa argigarria da oso. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zergen bilketa ekonomia baino bi aldiz gehiago igo da. Diru bilketak % 21,5 gora egin duen bitartean, Barne Produktu Gordinak % 12,3 baino ez. EAEko erakundeek zor publikoa murrizteko baliatu dute bilketaren hazkundea baina badute oraindik inbertsioak burutzeko ahalmen handia. Igande honetako hauteskundeek, hortaz, zergen bitartez jasotakoa nola banatu erabakitzeko aukera emango diete hiritarrei. Alderdiek inbertsio lehentasunei buruzko proposamen ugari egin diete boto-emaileei. Zergen inguruko erabakirik hartzeko aukerarik ez da egongo, ordea, Batzar Nagusien esku dagoelako.

Hautagaiak, zergekin buru-belarri

Ordagoa bota zuen hauteskunde kanpainaren atarian Eneko Andueza sozialistak. Jaurlaritza eta Aldundien arteko eskumenen banaketaren aferari heldu dio PSEren lehendakarigaiak, zergak arautzeko eskumena Batzar Nagusiei kendu eta Legebiltzarraren esku uzteko proposatuta. Ez da lehen aldia alderdi sozialistak pandoraren kutxa ireki nahi duela. Patxi Lopez lehendakari zela antzeko proposamena egin zuen, arrakasta handirik gabe. Gernikako Autonomia Estatutuaren erreformen baitan planteatu dute neurria sozialistek. Gai korapilatsua da Lurralde Historikoen Legearen erreformarena. hautsak behin baino gehiagotan harrotu dituena. EAJren 1986ko eszisioa adibiderik esanguratsuena da, zalantza barik.

Jaurlaritza eta Aldundien arteko eskumenen banaketaren aferari heldu dio Anduezak, zergak arautzeko eskumena Batzar Nagusiei kendu eta Legebiltzarraren esku uzteko proposatuta

Alderdi Popularrak ez dio proposamenari heldu nahi izan baina euskal foru sistemari etekin gehiago ateratzeko aldarria egin du. Zergak jaistearen aldekoak dira popularrak eta fiskalitatea enpresak erakartzeko eta ekintzailetza bultzatzeko gako direla azpimarratu du hauteskunde kanpainaren zehar. Kontrako ildoan daude ezker konfederaleko alderdiak, Podemos eta Sumar. Zergen progresibitatea areagotzea aldarrikatzen dute. Podemosek, esaterako, bankuei eta energetikoei ezarritako aldi baterako zerga behin betikoa izatea eskatu dute, % 50eko tasara igota.

Etxebizitzagatiko kenkaria   

Hauteskunde kanpaina honetan zerga politikak oihartzuna izan badu, etxebizitzaren inguruan izan da. EAJk EH Bilduren aurkako arma gisa erabili du ohiko etxebizitza erosteko zerga kenkaria. Koalizio abertzaleak kenkari horrek jabetzaren kulturari mesede egiten diola azaldu du eta murriztu edo kentzearen alde azaldu da, beti ere egun kenkari hori probesten dutenak kaltetu barik. Etxebizitzaren fiskalitatea berrikustearen alde agertu da alderdi sozialista ere. Hala esan zuen Iñaki Arriola Lurralde Antolakuntza, Garraioak eta Etxebizitzarako sailburu sozialistak urtarrilean Gasteizen egindako etxebizitza politikei buruzko nazioarteko topaketa batean. Arriolaren “foru fiskalitatea zaharkituta” dago etxebizitzari dagokionez.

EAJk EH Bilduren aurkako arma gisa erabili du ohiko etxebizitza erosteko zerga kenkaria

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira estatu osoan etxebizitza erosteko kenkaria mantentzen duten ogasun bakarrak. Nafarroaren kasuan, esaterako, 2017an onartu zuen Uxue Barkosen gobernuak kenkaria kentzea.

Alderdi guztiek zerga politikak hizpide izan badituzte ere, igandeko hauteskundeek utzitako Legebiltzar berriak ez du eskumenik izango tributuak arautzeko orduan. Alderdiek, halere, badakite zergen erreformari heldu beharko diotela, egungo erronka berriei erantzuteko tresna izateko. Litekeena da hurrengo hilabeteetan ekitea alderdiek arau berrien negoziazioari. Joko zelaia, baina, ez erraza izango. EAJ eta PSEk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietan gobernuan badaude ere, Bizkaian baino ez dute gehiengo absolutua Batzar Nagusietan. Igandeko hauteskundeek jokalekua erraztu lezake, edo are gehiago konplikatu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK