• EKONOMIA
  • Zerga turistikoaren ezarpena onartu dute Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Zerga turistikoaren ezarpena onartu dute Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Neurria 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Euskal Autonomia Erkidego osoan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 10a - 15:42

Araba eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek zerga turistikoaren ezarpena onartu dute gaur. Bi lurraldeetan EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek zerga turistikoaren alde bozkatu dute. Kontrara, Araban PPk eta Voxek aurka bozkatu dute. Gipuzkoan PP abstenitu egin da.

 

Modu honetara, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera EAEko hiru lurraldeetan ezarriko da tasa turistikoa.

Araban, EAE osorako tasa turistikoa hitzartu duten hiru taldeek (EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos) babestu dute neurria, eta EH Bilduk bat egin du eurekin. Alderdi Popularrak bederatzi zuzenketa aurkeztu ditu, baina ez dira onartuak izan, eta Elisabeth Ochoa de Eribe ordezkariak adierazi du ez daudela zergaren beraren kontra, baizik eta hura Araban aplikatzearen kontra.

 

Gipuzkoan, maiatzean eginiko akordioa berretsi da, eta foru legeak Elkarrekin Podemosek proposatutako zazpi zuzenketa izango ditu. Besteak beste, zerga sei egunez aplikatzeko aukera proposatzen zuen Elkarrekin Podemosek (hasierako aukera 5 egunekoa zen).

Nafarroan, bestalde, ez da zerga turistikorik ezartzeko asmorik.