2026ko Zerga Neurriei buruzko Lege Proiektua onartu berri du Nafarroako Gobernuak, astearte honetan egindako ezohiko bilkuran. José Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak “ausart” gisa definitu duen proiektuak bi oinarri esanguratsu ditu, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergarekin zerikusia dutenak.
Lehenik eta behin, PFEZren beherapenak aurreikusten ditu proiektuak, zeinak 340.000 pertsonengan izango duen eragina, 32.000 eurorainoko errentak dituztenen tributazioa murriztea dakarrelako, kenkari pertsonalak handituta.
PFEZrekin jarraiki, Arastik jakinarazi du errenta aitorpena egiteko muga 17.000 euroraino handituko dela, hau da, gutxiago irabazten dutenek ez dutela aitortza egin beharko eta, ondorioz, ez dutela PFEZ ordaindu beharko. Hori guztia finantzatzeko 135 milioi beharko ditu Nafarroako Gobernuak, baina 114 milioi izango dira 2026ko aurrekontukoak, gainerakoak 2027ko aurrekontuan izango baitu eragina.
Sozietateen gaineko Zergaren karga-tasa berria
Arastik azaldu duenez, %25eko karga-tasa murriztu berria izango da “konpromiso sozial eta laboral handia adierazten duten eta baldintza batzuk betetzen dituztela egiaztatzen duten erakundeentzat”. Lau dira bete beharrekoak: enplegua mantentzea, enplegu erregulazio espedienterik ez ezartzea arrazoi ekonomikoengatik, laneko ez-beharren kopurua txikitzea eta berdintasun planak betetzea. Hala, hori betetzen dutenek egungo %28ko karga-tasatik %25eko gehieneko tasara pasa ahal izango dira.
“Nabaria da Nafarroako Gobernuari kezka eragiten diotela lan arloko zenbait dinamikek, eta horrela ziur gaude horrekin zerikusia duten eragile guztien konpromisoa askoz handiagoa izango dela”, gaineratu du kontseilariak.