Greba orokorrak garaian garaiko gatazka ekonomiko eta sozialen isla izan dira. Euskal Herrian, langileen lan-baldintzen defentsak bultzatu zituen lehen mobilizazioetako asko, baina aldarrikapenak zabalduz joan dira hamarkadaz hamarkada, eta gaur egun lanetik harago doazen auziak ere jarri dituzte erdigunean.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Langile greben hastapenak Euskal Herrian
Langileen eskubideen aldeko borrokaren hastapenetan mugarri garrantzitsurik bada, hori 1890eko Bizkaiko meatzeetako greba da. Garai hartan, meatzariek 12 eta 16 ordu arteko lanaldiak zituzten, bizi-baldintza oso gogorrak pairatzeaz gain: meatze-konpainiek kudeatutako barrakoietan bizi ziren, eta janaria enpresen kantinetan erostera behartuta zeuden, prezio oso altua zuten eta kalitate txarrekoak ziren elikagaiak erosita.
Maiatzaren 13an hasi zen greba, Zugaztietako (Trapagaran) Orconera meategian bost langile kaleratu ostean. Meatzarien protestak inguruko meatzeetara eta Ezkerraldeko industriaguneetara hedatu ziren, eta milaka langile batu ziren mobilizaziora. Espainiako Gobernuak gerra-egoera deklaratu eta armada eta guzti bidali behar izan zuen Bizkaira. Azkenean, enpresariek akordioa sinatu zuten: langileek etxebizitza aukeratzeko eta kantinetatik kanpo erosteko eskubidea lortu zuten, baita lanaldia murriztea ere. ‘Greba Handia’ izendatutako mobilizazioak antolatutako langile-mugimenduaren indarra erakutsi zuen, duela jada 136 urte.
Protestak, ordea, ez ziren Bizkaiko meatzeetara mugatu. Gipuzkoan, industrializazioaren garapenarekin batera, tokian tokiko grebak egin ziren lantegi zein lanbide jakin batzuen baitan. Horien artean daude 1893an Aretxabaleta eta Arrasateko sarrailagileek egindakoa, eta 1903an Irungo pospolo-fabrikako emakume langileek gauzatutakoa. Azken horretan, 30 emakumek lankide baten kaleratzearen aurka egin zuten protesta. Ez ziren greba orokorrak izan, baina Euskal Herriko lan-baldintzak hobetze aldera egindako borroken lehen mugarrietako batzuk izan ziren.
Langileen eskubideen aldeko borrokaren hastapenetan mugarri garrantzitsurik bada, hori 1890eko Bizkaiko meatzeetako greba da
Ipar Euskal Herrian, industrializazioarekin eta portuko jardueraren hazkundearekin batera, langile-mugimendua eta gatazka laboralak indartzen joan ziren. Baionan 1908an jantzigintzako langileek egin zuten hiriko lehen greba; 1911n, aldiz, portuko zamaketarien greba izan zen aipagarrienetako bat, nahiz eta horiek ere greba orokorrak ez izan.
Nafarroan, berriz, adibide esanguratsua da 1951ko maiatzeko greba orokorra, lurraldeko lehen greba orokortzat jo daitekeena. Iruñean hasi zen, oinarrizko elikagaien prezioen igoeraren aurkako protesten ondoren, eta lau egunez mobilizatu zituen hiriko langileak. Emakumeek (soldatapeko langileek zein etxeko lanez arduratzen zirenek) funtsezko eginkizuna izan zuten protesta hedatzen, diotenez, merkatura arrautzak erostera joan eta dozenak balio handia zuela ikusita, kexaka hasi baitziren, eta hala piztu baitzen matxinada.
Lurralde bakoitzak bere erritmo eta ezaugarriak izan (edo pairatu) ditu, baina kasuak kasu, garai eta testuinguru bakoitzeko kezka ekonomiko zein sozialak bildu izan dituzte historikoki mobilizazioek Euskal Herri osoan zehar.
1990. hamarkada: enplegua eta lan-eskubideak
1990eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadaren hasieran, enplegua eta lan-eskubideak izan ziren greba orokorren aldarrikapen nagusiak Hego Euskal Herrian, langabezia-tasa handiak eta lan-erreformek kezka handia sortu baitzuten langileen artean. Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan greba orokorra egin zen 1994ko urtarrilaren 27an, PSOEren Gobernuak bultzatutako lan-erreforma salatzeko. Euskal Herrian, ordea, aldarrikapen horrez gain, lan-harremanen esparru propioa ere eztabaidagai izan zen: ELAk salatu zuen Euskal Herriko langileen interesak albo batean geratzen zirela erabaki soziolaboralak Espainiako Estatuan zentralizatzeko joeraren ondorioz. Gauzak ez ei dira asko aldatu…
Hala ere, aldarrikapenak ez ziren soilik lan-baldintzak defendatzera mugatu. Hegoaldean egin zen 1999ko maiatzaren 21eko greban, 35 orduko lan-astea eta enpleguaren banaketa ez ezik, soldatarik gabeko edo langabezian zeuden pertsonentzako soldata soziala ere eskatu ziren. Deialdiak jarraipen zabala izan zuen EAEn, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesarekin; Nafarroan CCOO eta UGT ez ziren deialdira batu, aurrez lanaldia murrizteko akordioa sinatu zutelako, eta horregatik aldarrikapenak ez zuen babes bera izan bi lurraldeetan.

2002an, berriz, langabezia-prestazioak jasotzeko baldintzak gogortzea izan zen gatazkaren ardatza. Aznarren Espainiako Gobernuak bultzatutako erreformak zorroztu egin zituen langabeek prestazioak jasotzeko bete behar zituzten baldintzak, besteak beste, lan-eskaintzak baztertzeko aukerak mugatuta. ELAk greba orokorra deitu zuen Hego Euskal Herrian ekainaren 19rako, CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako Estatu osorako biharamunean deitutako grebatik bereizita. ELAko orduko idazkari nagusi Jose Elorrietak azaldu zuen bi deialdien atzean helburu desberdinak zeudela: “Espainiako sindikalismoaren helburu nagusia Gobernuarekin itunak egiteko eredua berreskuratzea da”. ELAren arabera, beraz, ez zen nahikoa erreformaren aurka egitea; grebak Euskal Herriko langileen interesak eta erabakiak hartzeko esparru propioa ere defendatu behar zituen.
2009-2013: krisi ekonomikoa, murrizketak eta eskubide sozialen defentsa
2008ko krisi ekonomikoak greba orokorren aldarrikapenak zabaldu zituen. Langabezia eta enplegu-galera kezka nagusi bihurtu ziren, eta, horrekin batera, krisiari aurre egiteko administrazioek hartutako neurriak ere protesta-iturri izan ziren. 2009ko maiatzaren 21ean egin zen ziklo horretako lehen greba orokorra Hego Euskal Herrian, gehiengo sindikalak deituta, enplegu-galeraren eta krisiari aurre egiteko politiken aurka.
Ondorengo urteetan ere greba orokorrak egin ziren, lan-erreformen, pentsioen erreformaren eta murrizketa-politiken aurka. 2010ean bi greba deialdi izan ziren Hegoaldean: ekainaren 29koa, ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek deituta, eta irailaren 29koa, CCOO eta UGT ere bildu zituena, Espainiako Estatu osoko mobilizazioarekin bat eginez. 2011n, pentsioen erreformaren aurkako greba egin zen, eta 2012an, berriz, lan-erreformen eta murrizketen aurkako beste bi deialdi izan ziren. Urte horietan agerian geratu ziren sindikatuen arteko desadostasunak, bai grebak antolatzeko moduari zegokionez, baita aldarrikapenenei zegokienez ere.
Ipar Euskal Herrian ere izan zuten oihartzuna urte horietan hainbat gatazka sozialek. Frantziako Estatuan, 2010ean, pentsioen erreformaren aurkako greba eta mobilizazio egunak egin ziren, eta Baionan milaka lagun bildu ziren protestetan. Irailaren 23an 16.000 manifestari inguru izan ziren, eta urriaren 12an sindikatuek 17.000tik gora zenbatu zituzten. Horrela, Hego Euskal Herrian bezala, pentsioen erreforma eta langileen eskubideen defentsa eztabaidaren erdigunean egon ziren Ipar Euskal Herrian ere.
Frantziako Estatuan, 2010ean, pentsioen erreformaren aurkako greba eta mobilizazio egunak egin ziren, eta Baionan milaka lagun bildu ziren protestetan
Hegoaldera bueltatuz, 2013ko maiatzaren 30eko grebak beste norabide bat hartu zuen. ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek deituta, murrizketen aurka ez ezik, beste eredu ekonomiko eta sozial baten alde ere egin zuten. Aldarrikapenak ez ziren neurri jakin batzuk atzera botatzeko eskatzera mugatu: Euskal Herriarentzako eskubide sozialen gutuna eta erabaki sozioekonomikoak bertatik hartzeko aukera jarri zituzten mahai gainean. Krisiaren ondorioei erantzuteaz gain, etorkizuneko eredu ekonomiko eta sozialaz eztabaidatzeko beharra ere plazaratu zuten.
Horrela, enpleguaren eta lan-baldintzen defentsatik harago, gizarte osoaren ongizatea eta eredu ekonomikoa ere greba orokorren aldarrikapenen parte bihurtu ziren.
2018-2023: mugimendu feministaren bultzada
2018ko eta 2019ko martxoaren 8ko greba feministek beste dimentsio bat gehitu zioten greba orokorren historiari. Euskal Herriko mugimendu feministak bultzatutako mobilizazioek agerian jarri zuten lanaren kontzeptua ezin dela enplegu ordaindura mugatu. Etxeko lanak, zaintza-lanak eta eguneroko bizitza sostengatzeko egiten diren jarduerak ere funtsezkoak dira gizartearen funtzionamendurako, nahiz eta askotan ez diren behar bezala aitortzen, ezta ordaintzen ere. Horrela, grebaren bidez, emakumeek lan-merkatuan bizi dituzten desberdintasunak ez ezik, etxeetan eta zaintzan gertatzen direnak ere jarri zituzten erdigunean.
2018ko eta 2019ko mobilizazioek bidea ireki zuten zaintza-lanen antolaketa bera eztabaidatzeko. Nor arduratzen da pertsonak zaintzeaz? Nola banatzen dira lan horiek? Eta zer gertatzen da zaintza-lanak baldintza prekarioetan egiten direnean? Galdera horiek 2023ko azaroaren 30eko greba feminista orokorraren ardatz bihurtu ziren. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta sindikatuek deituta, grebak zaintzarako eskubide kolektiboa aldarrikatu zuen, eta zaintza-sistema publiko eta komunitarioa eraikitzea proposatu zuen. Deialdia EAEn eta Nafarroan egin zen.

Greba horrek agerian utzi zuen zaintza ez dela soilik etxe barruko edo norbanakoen ardura, baizik eta gizarte osoari dagokion auzia, eta lanaren zein greben ikuspegia zabaldu zuen: aldarrikapena ez zen soilik zaintzaile profesionalen lan-baldintzak hobetzea, baizik eta zaintza nola antolatzen den eta nork hartzen duen bere gain eraldatzea.
Ipar Euskal Herrian, bestalde, 2023an pentsioen erreformaren aurkako mobilizazio handiak egin ziren Frantziako Estatu osoan deitutako greba-egunetan. Frantziako Gobernuak erretiro-adina 62 urtetik 64ra igotzeko proposamenak haserrea piztu zuen, eta milaka lagun atera ziren kalera Baionan.
Azken urteetako deialdiak: Palestina, gutxieneko soldata eta etxebizitza
2025ean eta 2026an, greba eta lanuzteek askotariko aldarrikapenak jarri dituzte erdigunean. Pasa den urteko urriaren 15ean, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko lanuzte orokorrera deitu zuten Hego Euskal Herriko hainbat sindikatuk. Langileek hiru edo lau orduko lanuzteak egin zituzten, eta hezkuntzan egun osoko greba egin zuten. Deialdiaren bidez, Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatzeaz gain, Israelekiko harreman komertzial eta instituzionalak eteteko eskatu zuten. Aurten, martxoaren 17an, ELAk eta LABek deitutako grebak Euskal Herrira egokitutako gutxieneko soldata propioa izan zuen aldarrikapen nagusi. Sindikatuek gutxienez 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea eskatu zuten Hego Euskal Herrirako, langileen erosahalmena eta bizi-baldintzak defendatzeko.
Hilabete gutxi batzuk besterik ez dira igaro gaurko egunera iritsi arte. Oraingoan, greba orokorra deitu dute Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta etxebizitzarako eskubidea bermatzea zein langileen pobretzeari aurre egitea dira aldarrikapen nagusiak. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek egin dute deialdia, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearen eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren babesarekin.

Iparraldean ere izan dira berriki mobilizazioak. Iaz, irailaren 18an, milaka lagun atera ziren kalera Baionan, erosteko ahalmena berreskuratzearen, pentsioen eta zerbitzu publikoen alde. Aurten, azaroaren 5eko lanbidearteko greban, 6.000 pertsona inguru bildu ziren hirian, soldatak eta pentsioak igotzeko eta zerbitzu publikoetarako baliabide gehiago eskatzeko. Bi deialdiak Frantziako Estatu osorako egin ziren, eta Ipar Euskal Herriko sindikatuek eta langileek bat egin zuten haiekin.
Euskal Herriko greba orokorren historian zehar, aldarrikapenak garaian garaiko behar eta gatazka ekonomiko eta sozialen arabera moldatu dira. Lan-baldintzak eta enplegua izan dira mobilizazio askoren abiapuntu, baina pentsioak, eredu ekonomikoa, zaintza eta etxebizitza ere hartu dituzte hizpide. Hala, greba orokorrak lan-munduko gatazkei erantzuteko tresna izateaz gain, gizartearen kezka eta aldarrikapenak kalera ateratzeko modu ere izan dira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta