Zertan datza RED mekanismoko aldi baterako enplegu-erregulazioa?

Bi mota bereizten dira: bata, ziklikoa eta bestea, sektorekakoa

erregulatzeko espedienteak lan erreforma red erregulatzeko espedienteak lan erreforma red

Abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak zenbait eraldaketa gauzatu zituen Langileen Estatutuan (LEn). Eraldaketon artean nabarmendu behar da aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEEE) mota berri bi sortu izana. Zehatzago, ABEEE horiek LEren 47bis artikuluan arautu dira, enplegua malgutu eta egonkortzeko RED mekanismoaren baitan. Halaber, artikulu hori martxoaren 15eko 4/2022 Errege Lege-dekretuak garatu du.

Batetik, modalitate ziklikoa dago, enplegua egonkortzeko baliabide osagarriak hartu behar izatea eragiten duen egoera makroekonomiko orokorra antzematen denean. Bestetik, sektorekako modalitatea dago, jarduera-sektore jakin batean edo batzuetan aldaketa iraunkorrak antzematen direnean, halakoek eragiteagatik, dela langileek euren prestakuntza eguneratu behar izatea, dela langileak lanbidez aldatzeko prozesuak sortu behar izatea.

Edozein kasutan, RED mekanismoko bi ABEEE motak Ministroen Kontseiluak aktibatu behar ditu, aldez aurretik Laneko, Gizarte Segurantzako eta Ekonomia Ministerioek hala proposatuta. Alabaina, estatu mailako ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresaburuen erakundeek sektorekako modalitatea susta dezakete.

Kontsultaldia amaitzen denean, akordioa lortu ala ez, enpresaburuek behin betiko komunikazioa egin beharko diote lan-agintaritzari; komunikazio horrek legeak ezarritako gutxieneko edukia izango du

RED mekanismoa aktibatuta, enpresaburuek aukera dute euren lantokietako langileen lanaldia murriztu edo lan-kontratuak eteteko, lan-agintaritzari hori eskatuta. Neurri horiek aplikatzeko, enpresaburuek RED mekanismoaren izapideei ekiteko borondatearen berri eman beharko diete ukitutako lantokietako langileen ordezkariei. Bada, langileen ordezkaritza-batzordea eratu beharko da, enpresaburuarekin kontsultaldia gauzatu ahal izateko. Hain zuzen, enpresaburuek batzorde horri bidali beharko diote kontsulta hasteko komunikazioa, legeak ezarritako agiriekin batera. Une horretan, berebat, enpresaburuek eskabidea egin beharko diote lan-agintaritzari, hartu nahi dituzten neurrien gainean; eskabide horrekin batera legeak ezarritako agiriak aurkeztuko dizkiote.

Kontsultaldia amaitzen denean, akordioa lortu ala ez, enpresaburuek behin betiko komunikazioa egin beharko diote lan-agintaritzari; komunikazio horrek legeak ezarritako gutxieneko edukia izango du.

Lan-agintaritzak neurriak onartuz gero, RED mekanismoa aplikatu bitartean badira kontuan hartu beharreko zehaztasun batzuk dira ondorengoak:

  • Ukitutako langile bakoitzari neurri bakarra aplika dakioke: lanaldia murriztea ala kontratua etetea.
  • Lan-kontratuak eteteko neurria dela eta, baliteke, ondoz ondoko aldietan, egoeraren arabera, langile berberak lanik egin gabe geratzea edo lanean aritzea; lanaldia murrizteko ehunekoak ere aldaraz daitezke.
  • Ezin da aparteko ordurik egin.
  • Erregela orokor gisa, ezin da kontratazio berririk egin, eta ezin balia daitezke kontrata nahiz azpikontratak.
  • Enpresaburuek kotizazioen %60a salbuetsita izan dezakete, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLOren) 44. xedapen gehigarriak ezarritako baldintzak betez gero.
  • ABEEEak ukitutako langileentzako onurak dakartzan prestazio berezia arautu da GSLOren 41. xedapen gehigarrian.
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK