Ziberiruzur baten ondorioz dirua galtzea ez da beti izaten biktimaren arazo bakarra. Askotan, galdutakoa berreskuratzeko ahaleginean, bankuaren aurrean bere burua defendatu behar izaten du kontsumitzaileak, erakundeak haren arduragabekeria argudiatzen baitu dirua ez itzultzeko. Egoera horri buelta emateko bidea ireki du Europako Justizia Auzitegiak urriaren 15ean emandako epaiak. Erabakiak bankuek duten erantzukizuna argitu du baimenik gabeko ordainketa-eragiketen aurrean, eta orain arte dirua erreklamatzeko zailtasunak izan dituzten kontsumitzaileen babesa indartu du.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Markel Etxebarria EKA/ACUV Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko komunikazio arduradunaren arabera, aldaketaren gakoa frogaren zama bere gain nork hartu behar duen da. Izan ere, orain arte, phishing bidezko iruzur baten, SMS faltsu baten edo bankuaren izenean egindako dei baten ondorioz dirua galtzen zuen bezeroak bere jokabidea justifikatu behar izaten zuen sarritan. Bankuek bezeroaren zabarkeria erabiltzen zuten itzulketa ukatzeko, eta hark frogatu behar izaten zuen ez zuela arduragabekeria larririk izan. Etxebarriak azaldu duenez, hori frogatzea ia ezinezkoa izan zitekeen zenbait egoeratan.
Europako epaiak, ordea, logika hori aldatu du. “Bankuak frogatu behar du erabiltzaileak zabarkeria larriz jokatu duela, eta ez alderantziz”, azaldu du Etxebarriak. Horrenbestez, baimenik gabeko ordainketa-eragiketa baten berri jasotzean, bankuak zenbatekoa berehala itzuli behar du, oro har, hurrengo egun baliodunaren amaierarako. Bezeroari zabarkeria larria leporatzea ez da nahikoa hasierako itzulketa ukatzeko. Hala ere, bankuak ondoren dirua berriz erreklamatu ahal izango du, erabiltzaileak nahita edo zabarkeria larriz jokatu duela frogatzen badu.
EKA/ACUVren ustez, aldaketak ondorio garrantzitsuak izan ditzake bankuen eta kontsumitzaileen arteko harremanean. Izan ere, frogaren zama finantza-erakundeen esku geratzeak diru gehiago itzultzea ekar dezake, baita zenbait gatazka auzitegietara iritsi aurretik konpontzea ere. Etxebarriak “paradigma aldaketa” gisa definitu du egoera berria, baina zuhurtziaz mintzatu da haren eraginaz. Oraindik goiz da bankuek epaia nola aplikatuko duten jakiteko, eta elkarteak ez du baztertzen erreklamazioek zailtasunak izaten jarraitzea.
Horren harira, kontsumitzaileentzat zalantza nagusietako bat da zer hartzen den zabarkeria larritzat. Bankuaren itxura duen webgune batean datuak sartzea edo iruzurrezko mezu batean klik egitea nahikoa al da bezeroari errua egozteko? Etxebarriaren arabera, engainu batean erortzeak ez du berez esan nahi erabiltzaileak zabarkeria larriz jokatu duenik. Iruzurrak gero eta sofistikatuagoak dira, eta benetako komunikazioen itxura hartzen dute askotan. Hori dela eta, akats arrunt bat eta arduragabekeria larria bereizi behar direla azpimarratu du. PIN kodea agerian ematea edo bankuaren segurtasun-ohar argiei jaramonik ez egitea jarri ditu jokabide larriagoen adibide gisa, betiere inguruabarrak kontuan hartuta.
Baimenik gabeko ordainketa-eragiketa baten berri jasotzean, bankuak zenbatekoa berehala itzuli behar du, oro har, hurrengo egun baliodunaren amaierarako
Dena den, iruzur baten biktima izateak ez du bermatzen dirua automatikoki berreskuratuko denik. Etxebarriak azaldu duenez, phishing, smishing edo nortasun-ordezkapen bidezko engainuek antzeko oinarri juridikoak izan ditzakete, baina funtsezkoa da dirua nola atera den. Iruzurgileak bezeroaren baimenik gabe egin badu eragiketa, epaiaren berehalako itzulketaren irizpidea aplikatuko da, legezko salbuespenekin. Aldiz, bezeroak berak transferentzia agindu badu, engainatuta egon arren, egoera juridikoa bestelakoa izan daiteke. Ordainketa-metodoak ere baldintzatzen du erreklamazioa: txartel bidezko ordainketetan itzulketa-mekanismoak egon daitezke, baina bizum edo transferentzia bidez egindako kasuetan dirua berreskuratzea zailagoa izan ohi da.
Ezberdintasun horiek gorabehera, iruzurra antzeman bezain laster jardutea gomendatzen du EKA/ACUVk. Lehenik, bankuari gertatutakoa jakinarazi behar zaio, eragiketa geldiarazteko edo dirua berreskuratzeko neurriak eskatzeko. Horrez gain, erreklamazio formala idatziz aurkeztea komeni da, jasotako mezuak, pantaila-argazkiak eta bankuko agiriak erantsita. Ordainketa-zerbitzuekin lotutako erreklamazioetan, erakundeek bi hilabete dituzte erantzuteko, oro har. Erantzunik jaso ezean edo hura egokia ez bada, Espainiako Bankura jo daiteke. Era berean, Ertzaintzan salaketa aurkeztea aholkatzen du Etxebarriak, eta gogorarazi du elkarteak aholkularitza juridikoa eskaintzen duela erreklamazio-prozesuan.
Hala ere, kontsumitzaileen eskubideak indartzea ez da nahikoa iruzurren ondorioak desagerrarazteko. “Sistemak erreaktiboa izaten jarraitzen du”, ohartarazi du Etxebarriak. Izan ere, iruzurra gertatu ondoren hasten da biktima galdutako dirua berreskuratzeko prozesuan, eta bide hori luzea eta nekagarria izan daiteke. Horregatik, prebentzioaren garrantzia ere nabarmendu du: bankuek ez dituzte segurtasun-datu osoak SMS edo posta elektroniko bidez eskatzen, eta mezu susmagarrien aurrean bankuaren webgune edo aplikazio ofizialera zuzenean jotzea gomendatzen du. Ahal denean, txartelarekin ordaintzea ere aholkatzen du, ondorengo erreklamazioak errazagoak izan baitaitezke.
Txartel bidezko ordainketetan itzulketa-mekanismoak egon daitezke, baina bizum edo transferentzia bidez egindako kasuetan dirua berreskuratzea zailagoa izan ohi da
Europako epaiak, beraz, iruzurren biktimen aldeko urrats garrantzitsua ekarri du, baina EKA/ACUVren ustez, oraindik badago zer hobetu. Dirua berreskuratzeko aukera handiagoak izatea albiste positiboa bada ere, kontsumitzaileek erreklamazio-prozesu luzeei aurre egin behar ez izatea da hurrengo erronka. Izan ere, eskubideak indartzeak ez du berez iruzurra saihesten, ezta hark eragindako kaltea desagerrarazten ere. Orain ikusteko dago bankuek nola erantzungo dioten egoera berriari, eta aldaketa juridikoak benetako eragina izango ote duen iruzurren biktimen egunerokoan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta