Zientzia eta teknologia arloko genero arrakala aztertuko du Emakundek

Komunitate zientifikoko zenbait eragilerekin batera "Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia paradigma aldaketa baten alde" Nazioarteko Kongresua egingo dute urriaren 23 eta 24an Donostiako Miramar Jauregian

Kongresuaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Emakunde Kongresuaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Emakunde

Zientzia nahiz teknologiaren esparruan emakumeen eta gizonen artean dauden genero desberdintasunak eta arrakalak aztertu, eta beharrezko eraldaketak jorratzeko kongresua antolatu du Emakundek komunitate zientifikoko zenbait eragilerekin. "Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia paradigma aldaketa baten alde" izena du urriaren 23 eta 24an, Donostiako Miramar Jauregian egingo den nazioarteko kongresuak, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izango da inaugurazio ekitaldian.

Gaur aurkeztu dute kongresua Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Txema Pitarke Nanoguneko zuzendariak eta Lorena Fernández Deustuko Unibertsitateko nortasun digitaleko zuzendariak.

Kongresuko programaren diseinua hainbat ikerketa zentroetako ordezkariek osatutako batzorde zientifiko batek garatu du Emakunderekin elkarlanean. Tartean, EHU eta Deustuko unibertsitatea eta CFM, CIC, nanoGUNE eta Polymat, besteak beste.

Melgosak adierazi duenez, zientzia eta teknologia esparruko genero arrakala “ez da mugatzen soilik emakumeek eremu horretan duten presentzia eta ikusgarritasun txikiagora, baizik eta zientziaren ikuskera androzentrikora ere, eta, beraz, paradigma-aldaketa bat behar da berdintasuna modu sistemikoan txertatzeko”.

Era berean, Estensorok kongresuak komunitate zientifikoaren eskaerari erantzuten diola nabarmendu du: "zientzia eta teknologia emakumeen eta gizonen bizitza hobetzeko eta berrikuntzan aurrera egiteko aukera gisa ikusten ditugu”.

Fernandezek, bestalde, genero arrakala irudikatzeko zenbait datu plazaratu ditu. Ikertzaileei buruzko CSICen azken txostenaren arabera, doktoretza aldian emakumeak gehiago dira (%51,4) gizonezkoak baino (%48,6). Aitzitik, ibilbide profesionalean aurrera egin ahala, ehunekoa irauli egiten da, lanbideen maila altuenetan %73,8 gizonak izanik.

Azkenik, Pitartek "ikerketaren arloan berdintasunari dagokionez egiturazko arazo baten aurrean gaudela” azaldu du, eta “sakoneko aldaketak” egitea beharrezkotzat jo du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK