Kirol-zaletasun historikoaz harago, zikloturismoa balio erantsi handiko jarduera ekonomiko gisa egituratzen ari da Euskal Herrian. Bertako industria-ekosistemaren bultzadak, landa-ostatuen desestazionalizazioak eta erosteko ahalmen handiko bisitarien etorrerak eredu errentagarri baten oinarriak finkatu ditu; hala ere, garraio publikoarekiko intermodalitatea eta hazkundearen kudeaketa orekatua gainditu beharreko erronka nagusiak dira oraindik ere.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Euskal Herrian txirrindularitza ez da atzo goizeko kontua. Gure errepide eta mendietan bizikleta-zaleak ikustea eguneroko irudia da. Alabaina, ohiko kirol-ohitura horretatik turismo-jarduera egituratu batera igarotzea beste kontu bat da. Nagore Uresandi Espinosak, IN2destination ikerketa eta aholkularitza enpresako zuzendari nagusiak, bereizketa nagusia egiten du: "Eraginaz hitz egin aurretik, komeni da zehaztea nortaz ari garen 'zikloturista' diogunean... Jarduera turistikoaren parte izateko, pertsona batek bisitaria izan behar du; hau da, bere ohiko ingurunetik kanpo egon behar du".
Bereizketa horretatik abiatuta, Jesús Freire AMBE Espainiako marka eta bizikleten elkarteko idazkari nagusiak azpimarratu du pandemia ostetik "zikloturismoak berebiziko garrantzia" duela, "batez ere duen potentzial handiagatik eta, zalantzarik gabe, hazten ari den kategoriagatik". Norabide berean, Basque Bike Toursen arabera, zikloturismoa "produktu turistiko estrategiko" gisa kokatzen da 2030erako Turismoaren eta Merkataritzaren Euskal Estrategiaren barruan.
Datuak eta kontsumoa: zein da zikloturistaren benetako argazkia?
Eusko Jaurlaritzaren eta Basquetourren Turismo Behatokiaren Ibiltur Aisia datuen arabera, ostatu arautuetan gaua igarotzen duten turisten %6 inguruk egiten dituzte mendi-ibiliak, zikloturismoa edo BTTa (mendiko bizikleta). Uresandik profil honen ezaugarri nagusiak marraztu ditu: batez besteko egonaldia bost egunekoa da, egonaldien erdia baino gehiago udatik kanpo egiten da, pertsonen %90ek gastronomiaz gozatzen du eta %46k esperientzia errepikatzen du.
Profil horren balio ekonomikoa berresten du Idoia Ezkurdia Nekatur landa-ostatuen elkarteko gerenteak, zikloturismoak "aste barruko egonaldiak eta ohiko goi-denboralditik kanpoko okupazioa sustatzeko aukera" ematen duela nabarmenduz. Era berean, fluxuak barnealdeko haranetara —Arabako lautada, Enkarterri, Goierri edo Gorbeialdera— zabaltzen dira.
Jesus Freire: "Erdi-mailako zikloturistak turista arruntak baino gehiago gastatzen du"
AMBEko ordezkarien ustez, erosahalmen handiko bezeroa da zikloturista: "Erdi-mailako zikloturistak turista arruntak baino gehiago gastatzen du... lauzpabost izarren antz handiagoa du". Horri esker, eta erreserben ia erdiak ostatuarekin zuzenean egiten direnez, Uresandik gogorarazten du "kanpoko bitartekaritza murrizten" dela, gastua tokiko ostalaritzan eta ekoizleetan zuzenean geratuta.

Ekosistema industriala eta negozio-eredu berriak
Zikloturismoaren erakargarritasunak euskal industria-ehun indartsu baten babesa du. AMBEtik azpimarratu dutenez: "Euskal industria funtsezkoa da Espainiako bizikletaren sektorearentzat. Poloetako bat da, industriaren klusterretako bat", BH, Orbea, Mendiz, Comet edota Manufacturas GGS bezalako konpainiekin. Orbeak soilik, adibidez, 1.000 langile inguruko lantaldea du.
Baina merkatua bizikleten salmenta hutsetik zerbitzuetarantz aldatzen ari da. AMBEren azken barometroaren arabera, Espainiako Estatuko denden %50 baino gehiagok eskaintzen dute dagoeneko bizikleten alokairua eta denden %100ek dio lantegiak bere fakturazioa berdindu edo hobetu zuela". Era berean, e-bikeak (%35eko fakturazio-kuotarekin) eta gravel modalitateak erabiltzaile berriak erakartzea ahalbidetu dute.
"Euskal industria funtsezkoa da Espainiako bizikletaren sektorearentzat. Poloetako bat da, industriaren klusterretako bat"
Zerbitzuen eraldaketa honetan Nekaturrek gogorarazten du ostatuak egokitzeko ez dela inbertsio handirik behar: "bizikletak modu seguruan gordetzeko espazioak, oinarrizko konponketa eta mantentze-lanetarako baliabideak eta e-bikeentzako karga-puntuak" nahikoak dira bezeroa erakartzeko. Uresandik gaineratu du zerbitzu-sarea —gidak, mantentze-lanak, tokiko elikagaiak— zenbat eta tokikoagoa izan, orduan eta handiagoa dela lurraldean geratzen den balio erantsia.
Inbertsio publikoa, gobernantza eta etorkizuneko erronkak
2023ko Frantziako Tourraren irteerak (Grand Départ) Euskal Herria nazioarteko erakusleihoan jarri zuen. Bidegorri eta azpiegituretan egindako inbertsio publikoez galdetuta, Uresandik herritarren erabilera azpimarratu du: "Bidegorri bat, bide berde bat edo ondo seinaleztatutako ibilbide bat, batez ere, herritarrek erabiltzen dute: egunero mugitzeko, kirola egiteko edo familian aisiaz gozatzeko. Bisitaria dagoeneko gehienbat tokikoa den erabilera bati batzen zaio".
Nagore Uresandi (IN2destination): "Helburua ez da gero eta bisitari gehiago jasotzea, baizik eta zikloturismoak lagun dezala lurraldeak jarduera ekonomiko handiagoa, zerbitzu hobeak eta bertan bizi eta lan egiteko aukera gehiago izan ditzan"
Horrez gain, Basque Bike Toursek Turismo Helmuga Adimenduna (THA) ereduaren eta lau ardatzen (helmuga, industria, marketina eta gobernantza) bidezkudeaketa publiko-pribatua indartzen du. Informazioa eta monitorizazioa hobetzeko, SIT Euskadi eta Turismo Behatokian datu zehatzak gurutzatzea da hurrengo urratsa.
Bukatzeko, iturri guztiek bat egiten dute hobetu beharreko erronka logistiko nagusietan: AMBE, Nekatur eta Uresandiren irudiko, ezinbestekoa da "bizikletarekin garraio publikoan mugitzeko aukerak" finkatzea eta informazio digitalizatu homogeneoa eskaintzea. Uresandik azken xedea laburbildu gisan: "Helburua ez da gero eta bisitari gehiago jasotzea, baizik eta zikloturismoak lagun dezala lurraldeak jarduera ekonomiko handiagoa, zerbitzu hobeak eta bertan bizi eta lan egiteko aukera gehiago izan ditzan, hura erakargarri egiten duena galdu gabe".
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta