Ziurgabetasunari aurre egiteko oinarri sendoak

EAEko ekonomiaren eta ongizatearen "oinarri sendoak" nabarmendu ditu Orkestrak, baina aurreikuspenak egiteko zailtasunak azaleratu ditu "ziurgabetasuna" dela eta

James Wilson Ikerketa zuzendaria, Mari Jose Aranguren zuzendari orokorra eta Ivan Martén presidentea, atzoko aurkezpenean | Argazkia: Orkestra James Wilson Ikerketa zuzendaria, Mari Jose Aranguren zuzendari orokorra eta Ivan Martén presidentea, atzoko aurkezpenean | Argazkia: Orkestra

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta ongizatearen datuak aztertu ditu Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak urtero lez, eta emaitzak  lehiakortasunari eta ongizateari loturiko txostenean bildu ditu. Aurkezpen orokorra gaur egingo badute ere, atzo eman zuten prentsaurrekoa Ivan Marten presidenteak, Mari Jose Aranguren zuzendariak eta James Wilson ikerketa zuzendariak.

Errekuperazio "sendoa" izaten ari dela nabarmendu du Ivan Marten institutuko presidenteak. "Ondoren etorri diren krisien —energia krisia, logistikarena...— ziurgabetasuna luzerako etorri da", gaineratu du, eta horiek kudeatzeko ezinbestekotzat jo du "ekonomia sofistikatzen jarraitzea" eta "pertsonen gaitasun eta balioen gainean jardutea.

Ekonomiari lotuta, badira esperantzarako zenbait datu. Orkestrak nabarmendu duenez, 2020ko beherakadaren ostean, 2021ean eta 2022an "errekuperazio nabarmen sendoagoa" ikus daiteke zenbait adierazletan. BPGa berreskuratu da 2021ean, eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino %9 handiagoa izan da, nahiz eta 2019 mailara ez iritsi. Esportazioetan ere errekorra hautsi dute Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek, eta enpresen errentagarritasunak ere hobera egin du. 

Orkestrak nabarmendu duenez, 2020ko beherakadaren ostean, 2021ean eta 2022an "errekuperazio nabarmen sendoagoa" ikus daiteke zenbait adierazletan

Aldiz, datu ez hain onak ere badaude. Izan ere, 2020ko zenbakietan ikusten denez, berrikuntza egiten duten enpresa txiki eta ertainen ehunekoak pixka bat behera egin du, % 41etik % 39ra igaro baita, eta horrekin batera saltzen diren produktu berritzaileak —% 3,5— eta hazkunde handiko enpresak ere —%11,5etik 2019an, % 9,6ra 2021ean—. "Arrazoietako bat izan daiteke pandemia urtean, —krisi urteetan gertatu ohi den moduan— enpresa txikietan bizirautea izaten dela askotan garrantzitsuena", nabarmendu dute Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendariak eta James Wilson Ikerketa zuzendariak. Produktubitateak gora egin du 2021ean, % 5,1, nahiz eta oraindik ez den pandemia aurrekoa berreskuratu.

Sofistikazioa hobetzeke

Arestian aipaturiko alderdiez gain, aurtengo lehiakortasun txostenak egitura ekonomiko eta teknologikoan sakondu nahi izan du, besteak beste. Aztertutakoaren arabera, industriako hainbat sektore tradizionalen pisuak behera egin du, metalurgiarenak, adibidez, eta makina-erremintaren gisakoena egiten ari da gora. Horrekin batera, lurraldearen espezializazio jarduera kopurua eta horien berezitasunak aztertu dituzte, alegia, ekonomiaren sofistikazioa. "Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, ikusi da sofistikazio maila altua dela manufaktura industrian, eta hori garrantzitsua da, adierazten duelako gai garela jarduera desberdin batzuk eta besteekiko singularrak direnak egiteko", azpimarratu dute Orkestratik. Tartean, zerbitzu aurreratuak nabarmendu dituzte.

"Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, ikusi da sofistikazio maila altua dela manufaktura industrian, eta hori garrantzitsua da, adierazten duelako gai garela jarduera desberdin batzuk eta besteekiko singularrak direnak egiteko"

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da sofistikazioa bere osotasunean hartzen bada: "datuak okerragoak dira, alegia, ez aude hain posizio onean Europako gainontzeko lurraldeekin erkatzen badugu", plazaratu du. Erronka, zerbitzu aurreratuen sofistikazioa bultzatzea da Orkestraren ustez, arlo finantzarioan, eta marketinari eta merkatuen ikerketari loturiko esparruetan. Hain zuzen horietan lan egiten jarraitzeko beharra azpimarratu dute Orkestratik.

Gogobetetasuna eta zaurgarritasuna

Ongizateari dagokionez, "hautemate positiboa" da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Esaterako, bizitzarekiko gogobetetasunak gora egin du. 2020ko 7,4tik 7,6ra izatera igaro da urtebeteko epean, 1etik 10era bitarteko eskalan, eta Europako batez bestekoaren gainetik dago, 7,1ekoa baita. Langabezia datua 2021ean %9,8koa bazen ere, 2022ko lehen bi hiruhilekoetan zifra horrek behera egin duela nabarmendu dute Orkestratik, %8,8koa eta %8,7koa izan baita, hurrenez hurren. Aldiz, egoera zaurgarrian dauden pertsonen kopurua hiru puntu hazi da urtebetean: 2020an % 13,6koa zen; 2021ean, berriz, % 16koa.

Zaurgarritasunari aurre egiteaz gain, beste erronka batzuk identifikatu eta nabarmendu ditu Orkestrak. Horietako bat da zahartze-tasaren hazkundea: 2001ean % 18koa izatetik, 2021ean %23koa izatera igaro da, eta 20236rako espero da % 29,3koa izatea. "Horrek aditzera ematen du gure hazkunde demografikoa migraziotik etorriko dela.  Zentzu horretan, garrantzitsua da migratzaileen integrazio prozesua behar bezala ematea, behar dituzten gaitasunak sortuaz lan merkatuan lan bat eduki dezaten", esan dute Orkestratik. Euren kalkuluen arabera, 200.000 migratzaile beharko dira.

"Hazkunde demografikoa migraziotik etorriko da. Zentzu horretan, garrantzitsua da migratzaileen integrazio prozesua behar bezala ematea"

Balioen analisian, gainera, lanaren pertzepzioan sakondu du Orkestrak. Beharra familiaren ondoren gehien baloratzen den alderdia da, baina lan horretan zer lehenesten den aldatu egin da. "Soldatez aparte, asko baloratzen da malgutasuna, bai ordutegiarekin, bai kontziliazioarekin. Ekimena edo ardurak edukitzeko baino garrantzia handiagoa ematen zaie", adierazi dute Orkestratik. "Garrantzitsua da alderdi horiek gure giza baliabideetako politiketan integratzea", gaineratu dute.

Ongizateari lotuta aztertutako beste alderdia izan da ingurumenarena, eta jasangarritasuna orohar, bereziki industria arloan bultzatu beharrekoa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK