• EKONOMIA
  • Zordun handien zorra handitu egin da Hego Euskal Herrian

Zordun handien zorra handitu egin da Hego Euskal Herrian

Gipuzkoan soilik murriztu da zordun kopurua

Arabako ogasuna | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Arabako ogasuna | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2026ko ekainaren 30a - 16:46

Hego Euskal Herriko zordun handien kopurua handitu egin da 2025ean. Orotara, lau lurraldeetan 1.153 pertsona fisiko nahiz juridiko ageri dira ogasunetako zerrendetan, urtebete lehenago baino 53 gehiago, eta 1.312 milioi euroko zorra dute pilatuta, 2024ean baino 25 milioi gehiago.

 

Bizkaian, zordun handien zorra 594 milioitik 598ra igaro da 2025ean, eta 347 zordun izatetik 348 izatera igaro da. Jabyer Fernandez enpresaria da zordun handiena; 243,6 milioi euro zor dizkio Bizkaiko Ogasunari, 2024an baino ia lau milioi euro gehiago.

Nafarroan zorra 334,7 milioi eurokoa da, urtebete lehenago baino 12,3 milioi gehiago. Aitzitik, foru erkidegoaren kasuan ñabardura bat kontuan hartu beharra dago: zordun handi izateko langa 120.000 euroan dago (EAEn 600.000 eurotan). 688 zordun dira zerrendan, 2024ean baino 24 gehiago. Urpasa, Construcciones Flores, Nasipa edota Prodinver eraikuntza enpresak dira zordun nagusiak.

 

Araban ere handitu egin da zordun kopurua (sei gehiago). 184,3 milioi euroko zorra dute 66 zordunek, 2024an baino 16 milioi gehiago. Ros Casares taldearen bost enpresa dira zordunik handienak.

Gipuzkoan, azkenik, zordun kopurua murriztu egin da, bederatzi gutxiago ageri baitira zerrendan. 73 dira gaur-gaurkoz, eta 195,7 milioi euroko zorra dute metatuta. Osinalde Etxaniz anaiak zordunik handienak, 40,2 eta 40,1 milioi euroko zorrak dituzte, hurrenez hurren.