Zuzendu gure sosak: sanferminak dirutan

Iazko sanferminetan 163,4 milioi euroko gastu zuzena izan zen, eta Iruñeko biztanleko gastua 365 eurokoa izan zen. Aurten inflazioaren eta aurrezkien beherakadaren ondorioz zer gertatuko den ikusteko dago oraindik. Bisitarien kasuan, baina, Iruñeko hotelen okupazioa %73 eta %90aren bueltan dago, eta gutxi gorabehera pandemia aurreko datuak berreskuratzea aurreikusten dute

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Ordu gutxiren bueltan Iruñeko kaleak jendez beteko dira, sanferminetako tradiziozko arropak soinean. Batzuek jantzi zuriak eta zapitxoa berrituko —edo erosiko— zituzten aurtengo ediziorako. Besteek akaso zertxobait gastatuko zuten arropa zuritzeko mirarizko produkturen baten. Hala ere, ehungintzan baino, sanferminen inpaktu ekonomiko handia beste zenbait sektoretan ikus daiteke, ostalaritzan eta turismoan nagusiki.

Iazko edizioan 430.564 lagun bildu ziren Iruñean, eta 163,4 milioi euroko gastu zuzena utzi zuen hirian, udalak Ikerfel ikerketa institutuari eskaturiko txostenaren arabera, 2.013 inkestetan oinarriturikoa. Gastuaren gehiengoa taberna, jatetxe eta ostatuetan egin zen, eta guztizkoaren %16 inguru egin zuten Iruñean bizi direnek, alegia, 26,7 milioi bat euro.

Baina zenbat gastatu zuen batez beste iruindar batek uztailaren 6tik 14ra bitarte? 365 euro, nagusiki jatetxe eta tabernetan. Bisitarien kasuan aldea dago gastuan: Iruñerrikoek 273 euro gastatu zituzten; 348 euro Espainiatik etorritako bisitariek; eta 494 euro nazioartekoek.

Gastu handiagoa?

Iazko sanferminak inflazioak goia joko zuen hilabetean iritsi ziren, baina geroztik, modu leunagoan bada ere, prezioek gora egiten jarraitu dute. Horrek, erosahalmenaren galera ekarri du, batez ere langileen soldatak ez baitira oro har maila berean igo. Celetem Behatokiak udako gastu-intentzioari buruzko ikerketa argitaratu zuen ekainean, eta horren arabera sei eta hamar puntu egin du gora uda honetan aurrekoan baino gutxiago gastatzeko asmoa dutenen kopurua, zehazki, hamar puntu bitarte, nahiz eta %46ak dioen gastua mantendu egingo duela.

Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteko lehen hiruhilekoko datuek diote % 23,1 hazi dela iaztik 'aisialdia, kultura, ostalaritza eta beste' itemari loturiko kontsumoa

Hala ere, ikerketa berean jasotzen denez, Espainiako etxeen %46 inguruan gastua mantenduko du. Era berean, Nafarroako datuetara joanda, Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteko lehen hiruhilekoko datuek diote % 23,1 hazi dela iaztik 'aisialdia, kultura, ostalaritza eta beste' itemari loturiko kontsumoa. Are gehiago, gehien hazi den alderdia da. Era berean, Nastatek Nafarroako kontsumitzaileen konfiantzari buruzko azken txostenean, etxeko egoera ekonomikoaren konfiantza datuek hobera egin egin dute, -39,1tik -25era. Datuok plazaratuta, gastua mantendu, hazi edo leundu egingo den ikusteko dago.

Hotelak %90ean

Gastuan ikusiko bada ere, sanferminen bisitari kopuruan ez da beherakadarik espero. Are kontrakoa: Iruñeko udaletxetik bisitari kopuruaren aurreikuspen zehatzik ez badute ere, “pandemia aurreko datuak berreskuratzea” aurreikusten dute “gutxi gorabehera”.

Momentuz, gaur eta bihar %90eko okupazioa espero du Iruñeko Hotelen Elkarteak. Lehen lau egunetan, okupazioaren batez bestekoa %83,75 izatea aurreikusi dute, eta 10etik 14era bitarte apur bat behera egitea, %73eraino. Bestela esanda, iazko datu berdintsuak dira, eta 2018 eta 2019 urteen parekoak ere bai. Atzean geratu dira jaiak iraun bitarteko egun guztietan hotel eta landetxeak erabat betetzen zireneko urte haiek, ez Iruñekoak bakarrik, baita eskualde osokoak ere.

Lehen lau egunetan, okupazioaren batez bestekoa %83,75 izatea aurreikusi dute [Iruñeko Hotelek], eta 10etik 14era bitarte apur bat behera egitea, %73eraino

Jatorriari dagokionez, joera aldaketa txiki bat espero dute aurten 2022tik: nazioarteko bisitari gehiago (%51) Espainiakoak baino (%49). Iaz %55 etorri ziren Espainiatik, eta % 45 mugaz gaindi, AEB, Frantzia eta Mexiko izanik herrialde nagusiak. Aldaketa horrengatik agian, iaz baino nabarmen lehenago egin dira oro har erreserbak, pandemia aurretik izandako joerara itzultzeraino. Aipatzekoa da garai bateko datuetan nazioarteko bisitariak izaten zirela nagusi, okupazioaren %80 bitarte.

Iruñean lo egitea, zenbat?

Sanferminen atarian, EnpresaBIDEAk Bookingen bilaketa egin du jaietan Iruñean lo egiteak zer nolako kostua izan dezakeen aztertzeko. Horretarako abiapuntu hartu da Ikerfelek eginiko inkestaren arabera batez beste lau —3,4— laguneko taldeetan bisitatu ohi direla sanferminak.

Bookingen begiratuta, astean zehar lau lagunentzat gau bat igarotzeko aukerarik merkeena bi pertsonako bi estudio dira, guztira 180 euroren bueltan, pertsonako 45 euroko kostua izango zukeena. Asteburuan, ordea, gutxienez 390 euro ordaindu beharko dute lau lagunek Iruñeko apartamentu baten lo egiteagatik, 97,5 euro bakoitzak.

Iruñeko sanferminetako bisitari guztiek ez dute egonaldiagatik ordaintzen. Ikerfelek iaz eginiko ikerketara itzuliz, bisitarien %38k gutxienez gau bat igaro ohi du, baina lagunen edo familia kideen etxeetan

Aukerarik garestienak, berriz, bost izarreko hoteletan dira: uztailaren 6tik 7rako gau garestienak 1.719 euro bitarteko kostua izan dezake, alegia, pertsonako 430 euro. Larunbatetik igandera, berriz, 3.174 euroan koka daiteke gaua, pertsonako 793,5 euroan, eta prezioak mantendu egiten dira hurrengo astean zehar.

Aitzitik, Iruñeko sanferminetako bisitari guztiek ez dute egonaldiagatik ordaintzen. Ikerfelek iaz eginiko ikerketara itzuliz, bisitarien %38k gutxienez gau bat igaro ohi du, baina lagunen edo familia kideen etxeetan, eta aipatzekoa da iaz bisitarien %39k ez zuela hirian lo egin. Nazioarteko turisten kasuan %27k apartamentu turistikoen aldeko apustua egiten du. Batez besteko egonaldia 3,6 egunekoa izanik ere, nazioarteko bisitarien kasuan zertxobait luzeagoa izan ohi da.

Garraio zerbitzua indartu

Hirian sortutako gastuaz harago, egun horietan Iruñea askotariko hiriekin lotzen duen autobus eta tren zerbitzuetan ere gastua nabaria da, eta gako da bisitariak erakartzeko garaian. Autobus zerbitzuak, adibidez, indartu egin dira: joan-etorriko 39 zerbitzu berri eskainiko dira Nafarroako hiriburua Tafalla, Altsasu, Gasteiz, Donostia, Zaragoza eta Logroñorekin lotzen dituen zerbitzuetan, eta ohiko zerbitzuak ere indartu egingo dira. Bilbo-Iruñea, gainera, CuadraBusek kudeatzen du atzotik, eta billetea orain artekoa baino merkeagoa izateaz harago, deskontua izango du BAT, Barik eta Mugi txartela dutenentzat, 7,24 euroko kostuarekin.

Trenaren kasuan, "zerbitzu berezia" jarri du martxan Renfek atzotik hasita uztailaren 16ra arte. Guztira 130.000 plaza eskainiko ditu, ohikoa baino 48.430 gehiago, Iruñea hainbat hirirekin lotzeko, tartean distantzia ertainekoak —Tutera, Gasteiz, Zaragoza eta Burgos—, eta distantzia luzekoak —Madril eta Bartzelona—.  Era berean, ezohiko 30.160 plaza eskainiko ditu Andaluzia Nafarroako hiriburuarekin lotzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK