2023an 211 planta fotovoltaiko berri egin dira EAEko industrian

Energiaren Euskal Erakundeak azaldu duenez, 22,11 MW-ko potentzia dute orotara instalazio berriek. Proiektu gehienak (82) Gipuzkoan egin dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

EEE Energiaren Euskal Erakundearen arabera, Euskal Autonomoa Erkidegoko industrian autokontsumorako eguzki planta fotovoltaikoen kopurua nabarmen hazi da 2023an. Zehazki, 211 instalakuntza egin dira denera, 22,11 MW-ko potentzia bilduz. Energiari dagokionez, inpkatu handieneko sektoretako bat da industria, eta energia kostuak gora egin duten garai hauetan, autokontsumorako joera gero eta ohikoagoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresetan.

Iaz instalatutako potentzia fotovoltaiko berri guztiaren %50 industriara bideratu dela jakinarazi du EEEk. Honi esker, “0 km-ko energia-hornikuntza lortzen dute enpresek, jatorri berriztagarriko energia, prezio egonkor eta lehiakorrarekin”, eta gainera, energia kostuei dagokienez, industria horiek “merkatuetan abantailekin lehiatu ahal izatea” bermatzen du.

Lurraldeka, autokontsumorako energia guztiaren %20 Araban instalatu da (51 proiektu), %34 Bizkaian (78 proiektu) eta %46 Gipuzkoan (82 proiektu).

Azpisektoreei dagokienez, makinen eta produktu eraldatu metalikoen industrian egin dira planta fotovoltaikoen 95 instalakuntza. Siderurgia eta galdaketak, elikadura, edariak eta gainerako industrietan, kautxuaren eta materia plastikoena tartean, 74 proiektu egin dira.

Halaber, EEEren arabera, 211 instalakuntza hauek gauzatzeko 16,7 milioi euroko inbertsioa egin da, eta 4,96 milioi euroko dirulaguntzak jaso dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK