Aixeindarrek Araban parke eoliko bat eraikitzeko eskaera administratiboa egin du

Laminorian izango litzateke parkea, eta zortzi airesorgailu izango lituzke, 40 MWko potentziarekin

Parke eolikoa| Argazkia: iStock Parke eolikoa| Argazkia: iStock

Araban beste parke eoliko bat eraikitzeko izapideak abiarazi ditu Aixeindarrek, Iberdrola eta Energiaren Euskal Erakundeak EAEko energia eolikoa sustatzeko sorturiko sozietateak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak jasotzen duenez, aurre baimen eskaera egin zuen abenduaren 19an sozietateak eta gaur argitaratu da.

Adierazitako parkea Arraia-Maeztu, Iruraitz-Gauna eta Donemiliaga udalerrien artean kokatuko litzateke, eta guztira 40 MWko potentzia izango luke, zortzi airesorgailuk sorturikoa. Argitalpenaren ostean, pertsona fisiko zein juridikoek 20 eguneko epea izango dute proiektuari loturiko eskaerak argitaratzeko.

Ez da lurralde horretan Aixeindarrek eraiki nahi duen parke eoliko bakarra. Berriki, Arabako Foru Aldundiak ingurumen-onespena eman dio sozietateak Azazetan egin nahi duen beste parke bati, 37,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Hark ere zortzi airesorgailu eta 40 MWeko potentzia izatea aurreikusi da, eta Bernedo, Dulantzi eta aipaturiko beste hiru udalerrien artean. Eusko Jaurlaritzak izango du azkeneko hitza proiektua guztiz onartzeko, baina herritarrek, Arabako Mendiak Aske plataformaren bitartez, protestara deitu dute urtarrilaren 14rako, halako proiektuen izapidetzea modu "ilegalean, ez-legitimoan eta bidegabean" kudeatzeagatik.

Horiez gain, Labrazan ere halako beste proiektu bat aurreikusi da, eta atzera bota dira Arkamo eta Iturretakoak, ingurunean izan dezaketen inpaktua medio.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK