CIC energiGUNE, energiari lotuta Europako ikerketa fundazio garrantzitsuena izendatu dute

SCImago zerrendako Europako onena izateaz gain, mundu mailan ere 15 onenen artean sailkatu da energiari, ingeniaritzari, fisikari eta kimikari dagokionean

Argazkia: CIC energiGUNE Argazkia: CIC energiGUNE

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren eta energia termikoaren biltegiratzean, bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den EAEko ikerketa zentroa, Europako eta Iberoamerikako ikerketa fundaziorik garrantzitsuena da energiaren arloan, SCImago mundu osoko ikerketa erakundeak sailkatzeko nazioarteko zerrendaren arabera. Era berean, nazioarteko 15 ikerketa zentro onenen artean sailkatu da, fundazio maila kontuan hartuta.

Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak esan duenez, “Europako gorenean egotea pozgarria da, batez ere sektorearen etorkizunerako hain garrantzitsua den une honetan". Gainera, nabarmendu duenez, zerrendak "energiaren ikerketari buruz hitz egiten du, termino globaletan, ez soilik biltegiratzeari buruz; beraz, eremu espezifiko hori bakarrik kontuan hartuko balitz, are altuago egongo ginateke".

SCImago zerrenda nazioarteko erreferentzia nagusia da ikerketa zentroentzat, eta urtero erakunde akademikoen eta ikerketarekin lotutakoen sailkapena eskaintzen du, adierazle konposatu baten arabera ordenatuta. CIC energiGUNEk azaldu duenez, indize honek ikerketaren errendimenduan, berrikuntzaren emaitzetan eta webean duten ikusgarritasunaren arabera neurtutako eragin sozialean oinarritutako hiru adierazle multzo ezberdin konbinatzen ditu.

Nazioarteko onenen artean

2023ko txostenaren arabera, Europako eta Iberoamerikako energia fundazio ikertzaile nagusia izateaz gain, CIC energiGUNE munduko 15 fundazio garrantzitsuenetako bat da. Era berean, nazioarteko lehen bosten artean agertzen da, lau arlo espezifikotan: Energia (4.), Ingeniaritza (3.), Fisika (4.) eta Kimika (5.).

Energia ikertzen diharduten munduko erakunde eta enpresa guztiak kontuan hartuz gero, euskal zentroa Estatuko 5 eragile nagusien eta Europako 30 eragile garrantzitsuenen artean kokatzen da, baita mundu osoko energia ikertzeko 200 erakunde nagusien artean ere. Kimikaren esparruan, CIC energiGUNE estatuko lehen 10en artean egongo litzateke, Europako 40 onenen artean, eta munduko 250 garrantzitsuenen artean.

SCImagoaren rankingaren aintzatespen hori zentroak eta bere profesionalek azken aldian lortutakoei gehitu behar zaie, hala nola Europako Batzordeak CIC energiGUNE aipatu izana bateriak ikertzeko eta garatzeko "adibide nabarmen" gisa Batteries for Energy Storage in the European Union txostenean. Gainera, azpimarratzekoa da Stanfordeko Unibertsitateak Elsevier argitaletxe akademikoarekin elkarlanean urtero egiten duen ‘Ranking of the World Scientists’ delakoan sei zientzialari sartu izana, eta baita Michel Armand Clarivate Analytics enpresak urtero egiten duen ‘Highly Cited Researchers’ zerrenda ospetsuan egotea ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK