EEEk industriako eta hirugarren sektoreko ETEen energia ikuskapenetarako dirulaguntzak emango ditu

Azterketak eta azterlanak bultzatu nahi ditu ETEetan energia berriztagarriak eta energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak ezartzeko

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

EEE Euskal Energiaren Erakundeak, industriako eta hirugarren sektoreetako enpresa txiki eta ertainetan energia ikuskapen integralak egiteko dirulaguntzen programa jarri du martxan. Energia ikuskapenak bultzatzea du helburu, ETEetan energia berriztagarriak eta energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak ezartzeko.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak UNE-EN 16247 arauaren arabera egingo ditu, baita energia berriztagarrien ezarpenean horren ondorengo aldaketa edo hobekuntzen arabera ere, betiere energia aurreztean eta eraginkortasun energetikoan eta laguntzen xede diren instalazioetan eragina badute. Laguntza jaso ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak izan beharko dute.

Aipatutako jarduerek diruz lagun daitekeen kostuaren %50eko dirulaguntza jasoko dute. Baina, gehieneko muga bat ere ezarri dute diruz lagundu daitekeen kostu horretarako, energia kontsumoaren arabera. Halaber, kontuan hartuko dituzte beste faktore batzuk ere, hala nola, garatu beharreko azterketaren irismena, eskatzailearen kontsumitzaile profila, kontsumitutako energia kopurua eta egin beharreko monitorizazioak, garatu beharreko energia balantzeak eta horien konplexutasuna, edota kogenerazio instalazioen bideragarritasun azterketa.

Deialdian izen emateko epea apirilaren 25ean irekiko da, eta urtebetez izango da zabalik. Tramitazioari buruzko informazio gehiago EEEren web atarian aurki daiteke, dirulaguntzen atalean. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK