Eguzki-parkeak Ipar Euskal Herrira heldu dira

I-ENER sozietate herritarrak eraikitze baimena eskatu du Senperen, lurreko zentral fotovoltaiko bat plantan ezartzeko. Ipar Euskal Herriko lehen eguzki-parkea izango da

Eguzki-parkea Senpereko Zaluaga eremuan kokatuko da, orain arte zabortegia izan den lekuan | Argazkia: I-ENER Eguzki-parkea Senpereko Zaluaga eremuan kokatuko da, orain arte zabortegia izan den lekuan | Argazkia: I-ENER

Energia berriztagarrien aldeko apustuak bultzada jaso du berriki Lapurdiko barnealdean: lurreko eguzki-parke bat eraikitzeko baimena pausatu dute Senpereko Herriko Etxean. I-ENER argindar ekoizleak Ipar Euskal Herriko lehen zentral fotovoltaikoa eraiki nahi du: 2024rako martxan jarri, eta urtean 2,3 GWh (gigawatt orduko) ekoizteko asmoa luke; hots, 500 etxebizitzaren argindar kontsumoa asetzeko adina.

Kontent mintzo da Iban Lacoste, I-ENEReko proiektu-arduraduna. “Guretzat proiektu handi bat da, zinez. Baditugu jadanik panelez osatutako hogei zentral eraikin publikoen teilatuetan, baina proiektu berri honen bidez, bost bider handituko dugu potentzia. Beraz, beste eskala batera pasatzea da guretzat”. Fotovoltaikoaren arloan duten esperientzia oinarri, gogoz hartu dute lurreko parke bat estreinakoz garatzeko lana.

Artifizializatutako lurrak lehenetsiz

Eguzki-parkea Senpereko Zaluaga eremuan kokatuko da, orain arte zabortegia izan den lekuan. Arriskurik gabeko hondakinak lurperatu ditu bertan Bil ta Garbi sindikatu arduradunak, eta horien gainean jarriko dituzte panelak, 3 hektareako lursailean. Martine Bisauta sindikatuko buruaren hitzetan, “guretzat aukera bat da, lur horiek ez baitira erabilgarriak beste edozein aktibitaterentzat, eta lurperatze gune horiek zerratu ondotik, haien birmoldatzea eta segipena segurtatu behar dira 30 urtez”.

I-ENERek bat egiten du irakurketarekin, Lacostek dioenez: “Ez dugu proiekturik egin nahi beste jardun batzuk dituzten lurretan; izan laborantzakoak, eraikuntzakoak edota naturguneak. Jada artifizializatutako lurretan garatu nahi dugu lehenik, eta horietako bat da Bil ta Garbiren eremu hau. Fotovoltaikoa da bertan egiten ahal den gauza bakarra, eta horrelako tokiak profitatu behar dira”.

Parkea irudikatzeko montajea | Irudia: I-ENER
Etorkizuneko parkearen muntaia. Zoruan ezin zulaturiko hondakinak eta horiek babesteko mintz bat daudenez, lurrean pausatu egingo dira panelak | Argazkia: I-ENER 

Zabortegia izateak, ordea, beste zailtasun batzuk ere ekarriko ditu parkearen garapen teknikoari dagokionez. Beste zentral batzuetan, adibidez, eguzki-panelek zutoinak izaten dituzte lurrean ongi finkatzeko; alta, kasu honetan, ezin zulaturiko hondakinak eta horiek babesteko mintz bat daude azpian. Ondorioz, panelei pisuak jarriko dizkiete, lurrean pausatu besterik ez daitezen, “azpian den instalazioa ez andeatzeko”.

Senpere, lehen urratsa baino ez

Iragarritako lehen eguzki-parkea Senperekoa bada ere, I-ENER eta Bil ta Garbiren arteko elkarlanak zabalagoa izateko xedea du; hala iragartzen du Lacostek. “Senpere da fiteen aitzinatu dena, baina aurten hainbat elementu desblokeatu ditugu, eta espero dugu Baionan ere eskala handiko beste proiektu bat garatzea, Senperekoa baino pixka bat handiagoa. Eraikitzeko baimena urtean zehar pausatu nahiko genuke”. Halaber, zentral fotovoltaiko txikixeagoak ere aurreikusi dituzte Bil ta Garbiren beste hondakindegi batzuetan: Urruñan (Lapurdi), Behaskane-Laphizketan (Nafarroa Beherea) eta Maulen (Zuberoa).

Hiru lurraldeak kontuan hartzearen garrantzia azpimarratzen du, hain zuzen, I-ENER ekoizleak. Egun, Iparraldean kontsumitzen den energiaren % 94 ez da bertan ekoizten, eta horregatik, birtokiratu eta kontsumo-zirkuitu labur bat sortu nahi dute, Enargia kooperatiba hornitzailearekin batera. Planteamendua da I-ENERek energia berriztagarria ekoiztea Euskal Herrian, Enargiari saltzea, eta azken horrek zuzenean helaraztea kontsumitzaileei; kontuan izanik, gainera, herritarrak daudela bi sozietateen oinarrian.

Iban Lacoste: “Senpere da fiteen aitzinatu dena, baina aurten hainbat elementu desblokeatu ditugu, eta espero dugu Baionan ere eskala handiko beste proiektu bat garatzea"

Proiektu fotovoltaikoek, beraz, indar berri bat emango diote kontsumo-zirkuitu laburrari. Bide hori jorratzeko asmoa agertu du Lacostek, baina I-ENERek beste erronka batzuk ere izango ditu: “Nahi genuke dibertsifikatu, adibidez, egurretik lortutako energia ere garatuz, eraikinak berotzeko. Nola proposatuko genuke fuel-olioarekin martxan diren berogailuak kendu eta egurrarekin direnak ezartzea?”. Egur edo eguzki, ekoizleak bere egiten du Euskal Hirigune Elkargoak Klima Planean ezarritakoa: 2050erako, lurraldeko behar energetikoen %100 energia berriztagarriek asetu beharko dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK