• EKONOMIA
  • Energia aurrezteko neurriak indarrean dira gaurtik hasita

Energia aurrezteko neurriak indarrean dira gaurtik hasita

2023ko azaroaren 1era arte bete beharreko neurriak izango dira, momentuz

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2022eko abuztuaren 10a
Eg. 2025eko apirilaren 11a

Tenperatura eta argiztapena mugatzeko neurri berriak izango dira indarrean gaurtik hasita. Enpresa eta saltokiek nahitaez bete beharreko aholkuak izango dira; etxebizitza partikularrentzat, aldiz, borondatezkoak izango dira.

 

Neurrien artean, nabarmentzekoa tenperaturari dagokiona: aire girotua ezingo da 27 gradutik beherako tenperaturan jarri; eta, neguan, berogailua ezingo da 19 gradutik gora jarri. Salbuetsita daude osasun zentroak, botikak, ikastetxe eta haurtzaindegiak, jatetxeetako sukaldeak, gimnasioak, ile apaindegiak, garbitegiak, museoak eta hoteletako gelak. Aldiz, neurriak nahitaez bete beharko dituzte erabilera publikoa, komertziala edota administratiboa duten eraikinetan; tartean, zinema aretoetan, antzokietan, aireportuetan edota garraio geltokietan.

Argiztapenari dagokionez, berriz, 22:00etatik aurrera, hutsik dauden eraikin publikoak eta dendetako erakusleihoak itzali egin beharko dira. Salbuespen gisa hartu dituzte monumentuak eta argi errotuluak.

 

Bestelakoan, irailaren 30etik aurrera, eraikinek, dendek eta tabernek sistema automatikoa izan beharko dute ateak ixteko, betiere klimatizazio gailuak martxan daudenean. Eta irailaren 2tik aurrera, energia aurrezteko neurrion berri emango beharko dute, zenbait aholkurekin batera, kartel bidez.

Era berean, eraginkortasun energetikoa aztertzeko betebeharra duten eraikinen kasuan, azkeneko azterketa 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago egin bazuten, berriro egin beharko dituzte azterketak urtea amaitu aurretik.

Erregaien prezioen igoerari erantzuteko, aldiz, laguntza berezien sorta luzea zehaztu du dekretuak, garraio enpresentzako, autobus zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresentzako eta arrantzarako ontzien jabeentzako. Bestalde, 16 urtetik gorako ikasle bekadunek, beste 100 euroko laguntza eskuratu ahal izango dute lau hilabetez, 2022ko irailetik abendura, hain zuzen ere.

Neurriok betetzen ez dituenak, 60.000 euroko isunak jaso ditzake, urratze arinen kasuan. Urratze larriren bat eginez gero, berriz, sei milioi eurotik gorako isunak ere jar ditzake gobernuak.

Gaurtik hasita, 2023ko azaroaren 1era bitarte egongo dira indarrean aipatutako neurriak, baina, betiere Espainiako Gobernuak epea luzatu edo mozteko ahalmena izango du.