Energia berriztagarrien sorrera eta instalazioa murriztu egin dira Nafarroan

Elektrizitatearen %45,4 energia berriztagarrien bidez ekoizten da Nafarroan, 2021ean baino bost puntu gutxiago

Haize errotak Nafarroan | Argazkia: Enercluster Haize errotak Nafarroan | Argazkia: Enercluster

Energia berriztagarrien erabilerak geldiune txiki bat izan zuen Nafarroan 2022an, Enercluster Nafarroako Energia Klusterraren arabera. Izan ere, ekoiztutako elektrizitatearen %45,4 izan zen berriztagarria, 2021ean baino bost puntu gutxiago. Enerclusterren arabera, geldialdia bi faktoreri dagokio: alde batetik, guztizko sorkuntzaren hazkundea izan delako (2022an 2021ean baino %6 handiagoa izan zen), eta, bestetik, haizearen eta eguzkiaren energia sorrerak geldialdia izan duelako.

Horren harira, ohar bidez zehaztu du 2022an eolikoak 2021ean adina energia sortu zuela (3.202 GWh), eta Nafarroako ekoizpena mixaren %34,8 izan zela. Instalazio fotovoltaikoek, berriz, %2ko hazkundea izan zuten iaz, 295 GWh sortuta, mixaren %3,2ra jaitsiz. Gasak estali zuen sorkuntzaren hazkundea, %22 hazi baitzen 2022an.

Espainiako datuekin alderatuz gero, energia eolikoena batezbestekoaren gainetik dago, Espainian %22,1ekoa baita, baina, eguzki energiari lotuta, batezbestekoaren azpitik dago Nafarroa, %10,1eko batezbestekoaren aldean %3,2an baitago.

2022ko Nafarroako datuak “etsigarriak” iruditu zaizkio Enerclusterri, urte osoan 50 megawatt ekoizteko eolikoak baino ez zirelako eraiki, eta ez zelako eguzki planta fotovoltaikorik instalatu, Espainian inoiz baino gehiago eraiki diren urte berean.

Hala ere, 2023 hasieran egindako hitzarmenei esker, beste 1.800 megawatteko potentzia duten berriztagarriak eraikiko dira lurraldean, %75 fotovoltaikoak eta %25 eolikoak. Hala, Enerclusterren arabera, datozen urteetan bikoiztu egingo da Nafarroan sortuko den energia berriztagarria, Europak ezarritako helburuetara hurbilduz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK