Enkarterrin parke eolikoa egiteko proiektua aurkeztu du Euskal Haiziek

Gordexola, Zalla eta Gueñes udalerrien artean kokatuko litzateke, Las Llanasen. Bost haize errota izango lituzke, eta 36,6 MWh potentzia.

Parke eolikoa| Argazkia: iStock Parke eolikoa| Argazkia: iStock

Enkarterrin parke eolikoa eraiki nahi du Euskal Haizie konpainiak, Gordexola, Zalla eta Gueñes udalerrien arteko Las Llanasen. Proiektua martxan jartzeko izapidea argitaratu zuen atzoko aldizkari ofizialak. Parkeak bost haize errota izango lituzke, 36,6 MWhko potentziarekin.

Euskal Haiziek Meñakan (Bizkaia) du egoitza, eta Galiziako Fisterra Energy konpainiaren parte da. Las Llanasekoa ez da Bizkaian martxan jarri nahi duen lehen parke eolikoa. Izan ere, beste proiektu bat garatzen ari da Artzentalesen, Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz udalerrien artean kokatuko litzatekeena. Gune horretan parke handiagoa aurreikusten da, zortzi airesorgailukoa, 49 MWhko potentziarekin. Lau udalerriak, baina, proiektuaren kontra agertu dira, eta Enkarterrin Parke Eolikorik Ez plataformak mendi martxa egin zuen abenduan.

Meñakako konpainiak badu beste proiektu bat Araban ere, Cantoblancon (Añana eta Erriberagoiti udalerrien artean), Artzentalesekoaren gaitasun berbera izango lukeena. Aste honetan, gainera, jakin da Aixeindarrek eskaera administratiboa egin duela Arraia-Maeztu, Iruraitz-Gauna eta Donemiliaga udalerrien artean zortzi haize errotako parkea erakitzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK