Erriberagoitian eta Añanan parke eolikoa eraiki asmoa du Euskal Haiziek

Zortzi haize errota izango lituzke parkeak, 6,2 MHh potentziakoak

Parke eolikoa| Argazkia: iStock Parke eolikoa| Argazkia: iStock

Arabako Erriberagoitia eta Añana udalerrietan parke eoliko bat eraiki nahi du Euskal Haizie enpresak, Cantoblanco izeneko parkea. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratutakoaren arabera, enpresak jada aurkeztu ditu proiekturako baimena eta ingurumen azterketa.

Orduko 6,2 megawatteko zortzi haize errota eraiki asmoa du Erriberagoitian eta Añanan, eta sortutako energia husteko azpiegitura bat eraikitzea ere espero dute. Hala, Erriberagoitian kokatuta azpiestazio bat egongo litzateke, 17 kilometrotik gorako goi tentsioko linea bat bertatik Gasteizeraino, eta beste azpiestazio bat Gasteizen bertan.

Behin aldizkari ofizialean argitaratuta, 30 eguneko epea irekita dago alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Euskal Haiziek Meñakan (Bizkaia) du egoitza, eta Galiziako Fisterra Energy konpainiaren parte da. Cantoblanco ez da enpresak martxan jarri nahi duen parke eoliko bakarra, Bizkaian ere zenbait proiektu garatzen ari baita, bata Enkarterrin, eta bestea Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz udalerrien artean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK