• EKONOMIA
  • Errusiak berriz zabaldu du Nord Stream 1 gasbidea

Errusiak berriz zabaldu du Nord Stream 1 gasbidea

Hamar egunez mantentze lanak egin ostean, Europako iturria zabaldu du baina Alemaniara bidal dezakeen gasaren %30-40 baino ez da ari garraiatzen

Gasa banatzeko sistema bat |Argazkia: Irekia
Gasa banatzeko sistema bat |Argazkia: Irekia
2022eko uztailaren 21a
Eg. 2025eko apirilaren 11a

Errusiak berriro ireki du gasa Alemaniara bidaltzeko Nord Stream 1 gasbidea. Hala ere, Alemaniako agintariek jakitera eman dutenez, iturriak garraia dezakeen erregaiaren %30-40 besterik ez da garraiatzen ari oraingoz. Errusiako Gazprom konpainiak iragarria zuen hornikuntza murriztuko zuela konponketa lanen atzerapenaren ondorioz, eta uztailaren 11n itxi egin zuen iturria. Gaur goizeko 06:00 aldera hasi da berriro gasaren mugimendua.

 

Errusiak Ukraina inbaditu ostean izandako zigorren ondorioz sortu da erregai krisia. Alemaniara bidalitako gasaren esportazioa murriztuz erantzun du Errusiak eta horrek kezka eragin du Europan. Egoera ikusita, Bruselak gasaren erabilera %15 aurreztea proposatu du.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak, bere aldetik, Nord Stream 2 gasbidea ere Europara bideratzea proposatu du. Urtean 55 mila milioi metro kubiko gas isurtzen ditu gasbide horrek, baina erdia Errusiako kontsumorako bideratu denez, beste erdia izango litzateke Europarentzako.