Espainiako energia berriztagarrien %35etik gora Ingeteamen teknologiari esker iristen da sarera

Zamudioko konpainia liderra da Espainian berriztagarrien azpiestazioetan babes eta kontrol sistemak instalatzen

Ingeteamen egoitza nagusia Zamudion | Argazkia: Ingeteam Ingeteamen egoitza nagusia Zamudion | Argazkia: Ingeteam

Azpiestazio elektrikoetako automatizazio, babes eta kontrol sistemek Ingeteamen teknologia propioa daukate. Energia berriztagarria ateratzen den lekua eta ekoizpen plantetatik iritsitako energia eraldatzeaz arduratzen diren instalazioak dira, ondoren garraiatu eta banatzeko. Hala, Espainian ekoitzitako energia berriztagarriaren %35 baino gehiago sarera ateratzea konpainiak egiten du posible, Ingeteamek berak jakitera eman duenez.

Espainiako Sare Elektrikoaren azaroko datuen arabera, mix energetikoan energia berriztagarrien presentzia %46,9raino igo da, eta, azaroan, energia berriztagarriek 2021eko hilabete berean baino %5,6 gehiago ekoitzi zuten Espainian,10.200 GWhra iritsiz.

Berriztagarrien integrazio sendoak erronka handia dakar sistema elektrikorako. Horren haritik, Ingeteamek sareari adimena ematen dioten eta erabilera hobetzen duten soluzioak eskaintzen ditu. Ildo horretan FACTSen (korronte alternoko transmisio sistema malguak, ingelesezko sigletan) oinarritutako teknologia berritzaileak nabarmendu behar dira; sistema horiek operazio baldintza aldakorren aurrean azkar eta malgutasunez erreakzionatzea ahalbidetzen duten tresnak ematen dizkiete operadoreei, egonkortasuna emanez eta existitzen diren azpiegituren baliabideak ahal bezainbeste hobetuz.

Espainian energia berriztagarriak oso egoera onean daudela dio Ingeteamek, eta oso lagungarri egin zaiela mundu osoan zehar kontratu ugari lortzeko.  Hala, gaur egun mundu mailan ateratako potentzia berriztagarrien 30GW baino gehiagora iritsi da konpainia, bost kontinenteetan hedatutako instalazioetan.

Aurten martxan jarritako instalazioen artean, Francisco Pizarro izeneko Caceresko planta fotovoltaikoa nabarmendu nabarmentzen du Ingeteamek, Europako handiena bihurtzea lortu baitu, sarean 590 MW integratuz. Hain zuzen ere, Zamudioko konpainiak 92 potentzia estazio hornitu ditu proiektu horretan, eta konpainiaren hornidura irismenaren parte izan dira, alde batetik, energia ateratzeko azpiestazioko kontrola eta martxan jartzeko sistema, eta, bestetik, babes eta kontrol sistema.

Jorge Haya Ingeteameko Power Grid Automation negozio unitateko zuzendariarentzat, “etorkizuna berriztagarria izan liteke; hortaz, gure erronka izango da potentzia elektriko eta kontrol elektronikako gure bihurketa teknologia guztia trantsizio energetiko horren esku jartzea, kontsumo eraginkorragoa sustatuz, betiere ingurumenean ahalik eta kalterik txikiena eginez”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK