Energia itsasoari begira

Energia krisi bete-betean, Donostian da Nazioarteko ICOE 2022 itsas energiari buruzko konferentzia, teknologia berriak ezagutarazi eta sektorean aurrerapausoak eman asmoz

Itsas energia sortzeko teknologia Kursaal atarian (Donostia) | Argazkia: EnpresaBIDEA Itsas energia sortzeko teknologia Kursaal atarian (Donostia) | Argazkia: EnpresaBIDEA

Hastapenetan dago itsas energien sektorea, ia batere ez baitira baliatu orain arte. Olatu, marea eta korronteak erabiliz energia sortzean datza, eta adituen ustetan, epe luzerako energia iturri aproposak izan litezke. Horretarako, zenbait teknologia berri sortu dira jada, eta horiek bildu eta ezagutarazi asmoz antolatu dute Nazioarteko ICOE 2022 Konferentzia Donostiako Kursaalean, hilaren 20ra arte. Munduan itsas energiei lotuta egiten den kongresu nagusia da. Bi urtez behin ospatzen da, eta IEA Nazioarteko Energiaren Agentziak hautatzen du non, kontinente batetik bestera aldatuz. Japonian egin zen orain lau urte, AEBetan duela bi (pandemiaren ondorioz telematikoki), eta hurrengoa Australian egingo dute 2024an.

Energia berdeak lortu bidean, Europako Batzordeak 2020rako 1.000 MW ekoizteko helburua ezarri du Itsas Energia Berriztagarrien Estrategian, eta Espainiaren kasuan, Itsas Energia Eolikoaren eta Itsasoko Energien Ibilbide Orriak 40-60 MWeko helburua finkatu du itsas energiei dagokienez denbora-tarte berean.

Olatu, marea eta korronteak epe luzerako energia iturri aproposak izan litezke

Gauzak horrela, Euskadi nazioarteko erreferentziazko gune bilakatu da itsas energiei dagokienean, bertako industria-sarearen eta intentsitate teknologikoaren arteko konbinazioagatik, alde batetik, eta itsasoa duelako, bestetik. Mundu osoan elektrizitate gehien ekoitzi duen olatu energia sortzeko instalazioa du Mutrikun, eta Armintzan, BiMEPen instalazioak daude itsaso zabalean, olatuen energiaren bihurgailuak eta plataforma eoliko flotagarriak probatzeko eta balioztatzeko gunea sarera konektatuta. Olatuen eta haizearen baliabidea du eremuak, 50 eta 90 metro arteko sakonera duena eta portutik hurbil dagoenez gero, sarbide azkarrarekin.

Olatuen indarra

Olatuak, mareak eta korronteak dira itsas energiaren iturri nagusiak. Hala ere, Euskadiren kasuan, enpresak batez ere olatuen energiaren inguruko teknologia-garapenak sortzen ari dira, nahiz eta enpresaren batek korronteen energiari lotutako teknologiak ere lantzen ari diren.

Arrecife Energy Systems da horietako bat, olatuetatik energia sortzeko turbina bat garatzen dihardu. Idom ingeniaritza da beste bat, olatu energiaren bihurgailu bat garatu baitu eta zenbait prototipo lantzen ari den, AEBetako kostaldean bizpahiru urtean jarri ahal izateko. Patxi Joseba Etxaniz Idomeko diseinu aurreratuko arduradunak azaldu duenez, "olatu energia sortzeko teknologia eta produktu ezberdinak daude, izan eguzki panelak, plataforma flotagarriak, turbinak edo bihurgailuak". Euskal Energia Erakundearekin batera ‘Europe Wave’ proiektuaren parte direla ere azaldu du, halako teknologia gehiago sortzen eta aurrera egiten jarrai dezaten.

Patxi Joseba Etxaniz: “Olatu energia sortzeko teknologia eta produktu ezberdinak daude, izan eguzki panelak, plataforma flotagarriak, turbinak edo bihurgailuak”

Baina sektorean lan egiten duten enpresa txikiagoak ere badaude, balio katearen segmentu desberdinetan. Adibidez, Vicinayk kateak itsaso hondora lotzeko turbinak egin ditzake; Ditrel enpresak turbina horiek sarera lotzeko konektoreak gara ditzake; Zunibal enpresak buiak egiten ditu, olatuen indarra, tamaina eta beste ezaugarri batzuk neurtzeko; eta beste batzuk kontrol kontuetaz eta softwareaz arduratzen dira. Jose Jimenez Kinetic Cubed enpresa aholkularitzako kideak argi dio Euskadik itsas energiaren sektorean aurrerapausoa emateko baliabide zein teknologia ugari dituela, eta sektoreari lotuta mundu mailan egingo diren proiektuen berri izatea garrantzitsua dela, aliantzak sortu eta negozioa egin ahal izateko. Azken finean, Kursaaleko ICOE Konferentzia ere horretarako dela diote antolatzaileek, energia iturri horien inguruko talde handiak eta proiektuak ezagutu eta gero haien estrategiak erabakitzeko. Halaber, “Europak 2030era begira ezarritako kopuruek behin-betiko bultzada eman diezaiokete datozen hamarkadetan sektorearen hazkunde nabarmena erraztuko duten eskalako ekonomien sorkuntzari”, azaldu dute.

Itsas energia etorkizuneko energia izan litekeela diote Energiaren Klusterreko kideek, baina oraindik hastapenetan dagoela, bai energia bera, eta baita merkatua ere. Gauzak horrela, maila komertzial zein industrialean olatuen energia sortzeko datorren hamarkadara arte itxaron beharko dela uste dute, baina garbi dute oraingo aurrerapauso guztiek beren fruitua emango dutela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK