Euskadin bi parke eoliko martxan jarri nahi ditu Norvegiako enpresa batek

Zehazki, Aramaio eta Eskoriatza artean eraiki nahi du lehena, eta Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean bigarrena

Oiz mendiko parke eolikoa | Argazkia: iStock Oiz mendiko parke eolikoa | Argazkia: iStock

Statkraft Norvegiako enpresa, energia berriztagarrietan Europako ekoizle liderra da. 19 herrialdetan 4.800 langile ditu eta Euskadin ere inbertitzeko proiektua aurkeztu du. Energia eolikoa ekoizteko bi parke eraiki asmoa du euskal lurretan: lehena, Itsaraz parke eolikoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, Aramaio eta Eskoriatza artean. 52,8 megawatteko gaitasuna izango luke, eta 44.000 etxebizitza baino gehiagori emango lioke argindarra. Bigarrena, Piaspen, Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean eraiki asmoa du enpresa norvegiarrak, eta 33 megawatteko gaitasuna izango luke, 24.000 etxebizitza hornitzeko gaitasunarekin.

Barbara Flesche Statkraft Europako presidenteorde exekutiboa eta Jose Miguel Ferrer konpainiaren Espainiako eta Portugalgo zuzendari nagusia Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta Azpeitiko eta Aramaioko alkateekin bildu dira proiektuaren nondik norakoen berri emateko. Datozen asteetan proiektuaren xehetasunak jorratuko dituzte eta aurrerago hasiko dira baimenak lortzeko tramiteekin.

Bi parkeak 2027an martxan jartzea espero dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK