Eusko Jaurlaritzak Kontingentzia Energetikorako Planaren zirriborroa aurkeztu du

Laguntzen artean, energia berriztagarrien autokontsumoa bultzatzekoak daude

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua | Argazkia: Europa Press Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua | Argazkia: Europa Press

Europaren ildotik, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu die gainerako euskal erakunde eta eragileei bere Kontingentzia Energetikorako Planaren zirriborroa, dirulaguntzak eta energia aurrezteko jarduteko proposamenak biltzen dituena. Plana osatzeko, Europako 11 herrialdetan hartutako neurriak aztertu dituzte, eta horien ildotik proposamenak egin.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu duenez, Bruselak gas kontsumoa %7 jaisteko eskatu dio Espainiako Estatuari. Momentuz, borondatezkoa den helburu hori betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak orduko 1.520 gigawatt murriztu beharko luke kontsumoa zortzi hilabetean. Murrizketa horrek industriari eta fingailuei eragingo lieke gehienbat, gasaren %47 kontsumitzen dutelako. “Horren aurrean, energia berriztagarrien eta hidrogenoaren aldeko apustua egin behar dugu”, adierazi du sailburuak. Hala, asmoa, energia berriztagarriak “modu masiboan” erabiltzen hastea da. Enpresek mugikortasun jasangarriagoa edukitzeko pausoak ematea nahiko luke Jaurlaritzak, eta deskarbonizazioan ere aurrera egitea. Horrez gain, garraio flotaren "renove plana" aztertzeko prest azaldu da. 

49 orrialdeko plana Eusko Jaurlaritzako gainerako sailei, aldundiei, Eudeli, Legebiltzarreko Jasangarritasun eta Ingurumen Batzordeari, hainbat clusterri eta Confebaski bidali zaie. Hemendik aurrera eta hilaren 25era arte, plana aztertu eta ekarpenak egiteko aukera izango dute, abuztuaren 31n igorri beharko baitiote behin betiko plana Trantsizio Ekologikoko Ministerioari. Irailean, berriz, Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari bidali beharko dio.

Laguntzak

Arantxa Tapiaren sailak, guztira, 17 laguntza lerro aurreikusi ditu, administrazioei, industriari eta herritarrei zuzenduta. Besteak beste, ibilgailu elektrikoak erosteko MOVES plana, energia berriztagarrien sistemak ezartzeko edota eraikinen zaharberritze energetikoa egiteko laguntzak daude tartean.

Era berean, enpresek berariazko dirulaguntzak izango dituzte, hala nola, gas naturalen garestitzeagatik kaltetutakoei zuzendutakoak edota gasa modu intentsiboan erabiltzen duen enpresei bideratutakoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK