Eusko Legebiltzarrak autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du

Lege horrek eguzki plakak edo auto elektrikoak kargatzeko guneak jartzeko izapideak arinduko ditu, ez baita obra lizentziarik eskatu beharrik izango

Eguzki plakak teilatuan | Argazkia: iStock Eguzki plakak teilatuan | Argazkia: iStock

Eusko Legebiltzarrak EH Bildu, EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos-IU eta PPren botoekin onartu du gaur goizean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia berriztagarrien autokontsumoa sustatzeko legea. Lege berri horrek Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legea aldatzen du, eta, horrela, eraikinetan eguzki plakak edo auto elektrikoak kargatzeko guneak jartzeko beharrezko administrazio izapideak arintzen dira; izan ere, aurrerantzean ez da beharrezkoa izango gaur egun kasu horietan derrigorrezkoa den obra lizentzia eskatzea.

EH Bilduk bultzatutako lege aldaketa hori bat dator Europar Batasunak arlo horretan ezarri dituen irizpideekin eta Nafarroak eta Espainiako erkidego gehienek egin dituzten lege aldaketekin. Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikoko idazkariarentzat, gaurkoa "urrats txikia baina garrantzitsua da, herritarrak protagonista egiten dituen trantsizio energetikoko eredu deszentralizatu baterantz.

Gaur onartutako lege aldaketarekin, kendu egin da eraikinetan eguzki plakak eta auto elektrikoak kargatzeko guneak instalatzeko obren udal lizentzia eskatzeko betebeharra. Proposamen horrekin, instalazio horietarako izapideak asko arinduko dira, nahikoa izango baita dagokion udalari jakinaraztea obra egin aurretik. Hala ere, salbuespenak egongo dira; izan ere, Oterok argitu duenez, “lizentzia eskatu beharko da instalazioak interes kulturaleko edo katalogatutako ondasun deklaratutako eraikinetan egiten direnean, zimenduei edo eraikinaren egiturari eragiten dietenean, edo ingurumen inpaktuaren ebaluazioa behar dutenean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK