Ez dago energia berriztagarririk ekonomia zirkularrik gabe

Planta eoliko, fotovoltaiko eta autoetako bateria zaharretako materialak birziklatzeaz, eta berrien zirkulartasuna bermatzeaz aritu dira Energia Berriztagarrien Nazioarteko Kongresuan

Mahai-ingurua, atzo arratsaldean, Baluarte jauregian | Argazkia: EnpresaBIDEA Mahai-ingurua, atzo arratsaldean, Baluarte jauregian | Argazkia: EnpresaBIDEA

Energia berriztagarrien orainean eta etorkizunean asko du esateko ekonomia zirkularrak. Soilik energia eolikoari erreparatuta, 2030erako 75 GW inguruk 20 urte beteko dituzte Wind Europe datuen arabera. Espainia mailan espero da datozen urteetan airesorgailuetako 10.000 tona osagai aldatu behar izatea, parkeetan egingo diren berregokitze lanengatik.

Hain zuzen, datuok hartu dituzte abiapuntu Ekonomia zirkularra berriztagarrietan: kiribilaren kiribila izeneko mahai-inguruan, atzoko Energia Berriztagarrien Nazioarteko Kongresuan eginikoa.

Onartu berri den ekonomia zirkularraren ESEPEak ahalbidetuko du 35 proiektu finantzatzea, tartean Renercyclek Acciona taldearekin batera martxan jarriko duen "soluzio integraleko" planta

Sektore eolikoaren kasuan, "negoziorako aukerak" nabarmendu ditu Javier Villanueva Renercycleko zuzendari nagusiak. Onartu berri den ekonomia zirkularraren ESEPEak ahalbidetuko du 35 proiektu finantzatzea, tartean Renercyclek Acciona taldearekin batera martxan jarriko duen "soluzio integraleko" planta. Hain zuzen, hiru oin izango ditu: palak birziklatzeko planta; "pala ez den horren guztiaren balioa handitzeko lan ere egingo du"; "azkenik ez hori bakarrik. Ordezko piezak ere beharko dituzte. Horregatik piezak berregokitzea ere gako izango da".

Ildo beretik doa Iberdrolak eta FCC Ambitok bultzatuko duten planta, ESEPEekin finantzatuko den beste proiektu nafarra. Kasu horretan, palak birziklatzea izango da haren helburu nagusia. Haren "inpaktua" nabarmendu du Ivan Botamino FCC Ambitoko Lur Ingeniaritzako eta Materialen departamentuko buruak: "berrikuntzaz eta konpromisoaz ari gara. Balioa sortzen du, eta enplegu espezializatua ere".

Botaminoren hitzetan helburu anitzeko ikuspegia landu behar da, irtenbide askokoa; eta horrek, aldi berean, tratamendurako prozesu malgua eskatzen duela

Hala ere, horrek guztiak bi erronka mahaigaineratzen ditu Botaminoren hitzetan: helburu anitzeko ikuspegia landu behar dela, irtenbide askokoa; eta horrek, aldi berean, tratamendurako prozesu malgua eskatzen duela. Materialak bereiztea ere ez dela erraza kasu askotan: "palak ez dira arazoa; baina adibidez, beste zenbaitetan olioak nahasten dira. Elektronika ikuspegitik ere plakak daude, eta ez dugu nahi horiek, mugikorrekin gertatu bezala, Afrikan bukatzea, zabor gisa. Gaitasun industriala badago. Kontua da beste modu batera erabili behar dugula".

Zenbait berriztagarri, hainbat abiapuntu

Energia eolikoaren beharrak berehalakoak badira ere, ekonomiaren zirkulartasunak energia berriztagarri guztiak ukitzen ditu, bakoitzaren egoera desberdina izanik. Horixe azpimarratu du hasieratik moderatzaile lanak egin dituen Ana Ursúak, AIN Nafarroako Industria Elkarteko zuzendari nagusiak.

Energia fotovoltaikoaren kasuan, adibidez, erronka beretsua da: "duela 20 urte ekonomia linealean diseinatutako plantak direnez, zerbait egin behar dugu horiekin", plazaratu du Rebeca Arnedo Sustainneko fundatzaileetako batek. Bi lehio zabalduko lirateke Arnedok dioenez: zer egin dezakegu hemendik etorkizunera begirako diseinuetan material horiek bultzatzeko eta zirkulartasuna kontuan izateko, eta zer egin dezakegun duela 20 urte sortu ziren horiekin.

Rebeca Arnedo: "duela 20 urte ekonomia linealean diseinatutako plantak direnez, zerbait egin behar dugu horiekin"

Bigarren kasu horretan, "tunel amaierako soluzioak dira: panel fotovoltaikoen bizitza erabilgarria luzatu, edo birziklatzen saiatu. Egia da material gehienak birziklatu daitezkeela, baina ondoren osagai edo produktuak erabiltzen direla birziklatze hori zailtzen dutenak". Kasu honetan ere, teknologia baino, "teknologia horren errendimendua" izango dela gakoa uste du Sustainnekoak.

Beste kasu bat da autoetako bateriena eta biltegiratzea. Jon Asín BeePlaneteko sortzaileak gogorarazi du automobilgintzaren sektoreko zuzentarauan jasotzen denez, ibilgailu bakoitzeko batez besteko pisuaren %85 berrerabili edo balorizatu behar dela, edo %80 birziklatu. "Auto elektrikoetarako trantsizioan, zifra horiek mantendu egin behar dira. Edozein kasutan, aukera ondo aprobetxatzen badugu, autoetako bateria guztiek izango dute bigarren bizitza".

Jon Asín: "ibilgailu bakoitzeko batez besteko pisuaren %85 berrerabili edo balorizatu behar da, edo %80 birziklatu. Auto elektrikoetarako trantsizioan, zifra horiek mantendu egin behar dira"

Hain zuzen, bateria horiei bigarren bizitza emateko 2018an sortutako proiektua da BeePlanet, nahiz eta birziklatzea ere haien negozioaren parte bilakatu den. Are gehiago, joint venture bat sortu dute beste bi enpresekin, eta birziklatze planta egingo dute Caparroson, 2025erako operatibo egongo dena.

Planifikazioa, ezinbestekoa

Ikusita zenbat tona sortuko diren, planifikazioa "ezinbestekotzat" jo du Botaminok. "Pentsatu egin behar dugu egiten hasi aurretik, modu efizientean birziklatzeko". Horrekin batera, ekonomia zirkularra "taldelana" izan behar dela uste du, ekosistema sortuta.

Javier Villanueva: "aitzindari izateak eskatzen esfortzua eta mentalitate aldaketa eskatzen ditu"

Horrek gizarte nafarrari eskatuko dion berrikuntza ere nabarmendu dute Asínek eta Villanuevak. "Aitzindari izateko nahi hori izan behar dugu. Hori eginda, esportatzaile izatea lortuko dugu. Esportatzeko teknologia izatea da gakoa", plazaratu du BeePlanetekoak. "Gainera, etxetik gertu lehen garapena egitea beti errazagoa da", gaineratu du. Renercyclekoak, aldiz, aitzindari izateak eskatzen duen "esfortzua eta mentalitate aldaketa" azpimarratu ditu bere esperientziatik. Arnedok, baina, horretarako "sineste sendoa" dagoela gogorarazita itxi du mahai-ingurua.

Informazio gehiago
Ana Goyen: "Plan globala behar dugu, kate-begi guztietan fokua jar dezagun, errentagarriak izateko"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK