
Frantziako gobernuak gaur iragarri ditu Électricité de France (EDF) guztiz publiko egiteko proposamenaren xehetasunak. Guztira, 9.700 milioi euro ordainduko du, eta 12 euro jarriko ditu akzio bakoitzeko. Hala, konpainia osorik birnazionalizatzeko falta den % 15,9 erosiko du, uztailaren 5ean Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak iragarri bezala. Hala ere, egun horretan egun horretan erregistratutakoa baino % 53 gehiago ordainduko du.
Erosketaren xehetasunak eman bitartean, uztailaren 13an eten egin ziren EDFren akzioak Parisko Burtsan, gertatuko zenaren zain. Astebete beranduago, berriro ere kotizatu dute, 11,79 euroan, kotizazioa eten zenean baino % 15,26 altuago. Irailean, ordea, AMF merkatu finantzarioen autoritateari aurkeztuko diote eginiko eskaintza, burtsatik guztiz atera dadin. Butsara atera eta 17 urte beranduago, beraz, irten egingo da.
Erabaki honen bitartez, herrialdearen independentzia energetikoa areagotu nahi du Macronen gobernuak, hauteskundeetan hala agindu baitzuen, krisi energetikoari eta Errusiarekiko menpekotasunari irtenbide bat topatzeko. Dagoeneko onartu du mugak jartzea prezioei kontsumitzaileak babesteko asmoz. Era berean, "EDFri beharrezko baliabideak ematen dizkio errepublikako presidenteak nahi duen programa nuklear berria azkarrago ezartzeko eta energia berriztagarriak Frantzian hedatzeko", azpimarratu du Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Industria ministroak.
Gainera, Europako araudi berria alde du Frantziak. Bruselak duela bi aste onartu zuen energia nuklearra berdetzat jotzea, hain zuzen Errusiarekiko menpekotasuna txikitu eta CO2 isuriak txikitzeko asmoz.