Galdara zentralen aukera berria

Espainiako gobernuak azken baliabideko tarifa galdara zentraleko etxebizitza blokeetan ezartzeko dekretua argitaratu zuenetik, bizilagun gehienek aldaketa lehenbailehen egin nahi dute, antza. Gehienetan dirua aurreztuko badute ere, kasu bakoitzean aurrezkia desberdina izan daiteke. Gainera, banakako kontagailuak ezinbestekoak izango dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Igogailuetako eta eskaileretako azken asteetako gai nagusia ez da izan eguraldia. Ez behintzat galdara zentrala duten etxebizitza blokeetan. Urriaren 18an Espainiako gobernuak argitaraturiko dekretuan jaso zen gas naturaleko TUR azken baliabideko tarifa ezartzeko aukera izatea galdara bakarreko komunitateetan. Merkatu librea, beraz, atzera utzi, eta tarifa erregulatura igarotzeko aukera izango dute Espainia guztiko 1,7 milioi familiek. Dekretua, printzipioz, 2023ko abenduaren 31era arte izango da indarrean, baina ikusiko da ondoren gobernuak luzatu egiten duen.

“Bizilagunen bileretara proposamenarekin iristen zarenean, aurretik hedabideetan-eta irakurri dutenez %40 merkeago aterako zaiela —kasu guztietan ez da horrela—, segituan esaten dizute baietz, egin behar dela, eta azkar gainera”, kontatu du Ana Landaida Foruria Landaida higiezinen-kudeaketako kudeatzaileak. Bilboko, Ezkerraldeko, Eskuinaldeko eta Zornotzako 300 etxeren kudeaketa daramate. “Jendea oso kontzientziatua dago prezioak oso altuak izan direlako aurreko urtean, eta ez dugu horretara itzuli nahi. Komunitate guztietako kuotek gora egin dute nabarmen gasari lotutako igoera dela-eta”, gaineratu du.

Hiru bider gutxiago

Orain arte, galdara zentraleko komunitateek merkatu librera jo behar zuten bai ala bai. Izan ere, galdara bakar gisa kontatzen zen haien kontsumoa, eta beraz, ez zuten tarifa erregulatua izateko oinarrizko baldintza betetzen: urteko 50.000 KWh —kilowatt-ordu— baino gutxiago kontsumitzea. “Merkatu librean, enpresak ezartzen du nahi duen tarifa. Kontsumoaren arabera handiagoa edo txikiagoa izango da, baina finkoa da urte osorako. Hori da ohikoena konpainia gehienetan”, azaldu du Aitor Urresti Gonzalez EHUko irakasleak.

Aldiz, kostua urtero berritzen denez, kostu finko hori handitu egiten da. Azkenaldian ikusten ari zen “galdara bakarreko etxebizitzak sekulako arazoak edukitzen ari zirela. Zerbitzu beragatik hiru edo lau bider gehiago ordaintzen ari baitziren. Hori ez zen posible”, plazaratu du Landaidak.

Azken hiruhilabeteko TUR tarifa 6 zentimo MWhtan dago, gutxi gora behera; merkatu librekoa, aldiz, 16-18 bat zentimotan

Azken baliabideko tarifan gobernuak ezartzen du zenbatekoa den gasaren kostua, eta hor dago alde nagusia. “Normalean egiten duena da kalkulua egin merkatuko azken hilabeteetako prezioekin eta etorkizuneko merkatuan agertzen den prezioarekin”, adierazi du Urrestik. TUR tarifa eskaintzen dutenek, derrigorrez, prezio hori jarri beharko dute.

Azken hiruhilabeteko TUR tarifa 6 zentimo MWhtan dago, gutxi gora behera; merkatu librekoa, aldiz, 16-18 bat zentimotan. EHUko irakasleak adibide bat jarri du: “nire konpainiak datorren urterako ematen didan eskaintza 0,18 eurokoa da merkatu librean, alegia, 180 euro MWh. Etorkizuneko merkatuak markatzen du 100 euro MWh. Hau da, merkatu libreak eskaintzen didana da % 80 garestiagoa etorkizuneko merkatuena baino. Gaur, gas naturalaren prezioa 48 eurokoa da, beraz, TUR tarifarekin, edozein konpainiak oraindik aldea izango luke 60 eurotan saltzen badu”.

Banakako kontagailuak

Aldaketa egiteko, baina, dekretuak derrigorrezko neurri bat jasotzen du: etxe guztiek banakako kontagailuak jartzea. “Nahiko bitxia da. Aldez aurretik indarrean dagoen arau bati dagokio. Alegia, une honetan, galdara komunitario guztietan etxe bakoitzean kontagailu partikular bat egon beharko litzateke kontsumoa neurtzeko”, kontatu du Urrestik.

Orain arte bi salbuespen zeuden kontagailurik ez jartzeko: teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez izatea. “Bigarren horri dagokionez, sei urteko epean zuk inbertsioa berreskuratzeko aukera bazenuen, aintzat hartzen zen ekonomikoki errentagarria zela”, esan du Landaidak. Teknikoki gehienek betetzen zituzten ezaugarriak, “baina datua gasaren igoeraren aurretik edo ondoren hartzeak baldintzatu zezakeen errentagarritasun ekonomikoaren partea”, gehitu du.

Ana Landaida Foruria: “Finko batzuk mantenduko dira, bizilagun guztiek ordaindu beharko dituztenak. Beste parte bat aldakorra izango da, kontsumoaren araberakoa. Gastu guztiaren % 60 edo % 70"

Dekretu berriarekin, aldiz, aintzat hartuko den salbuespen bakarra izango da teknikoki jartzeko aukerarik ez izatea. Gainontzeko kasuetan, jarri ez badira, 2023ko irailaren 30erako instalatu beharko dituzte beranduenez.

Kontagailu horiei esker, etxebizitza bakoitzaren kontsumoa ezagutu ahalko da. Alegia, enpresa merkaturatzaileak faktura bakar bat emititzen jarraituko du, baina gastuok kontsumoaren arabera banatuko dira bizilagunen artean, komunitatearen barruan lortutako akordioaren arabera. “Finko batzuk mantenduko dira, bizilagun guztiek ordaindu beharko dituztenak. Beste parte bat aldakorra izango da, kontsumoaren araberakoa. Gastu guztiaren % 60 edo %70 izan daiteke kontsumoaren arabera ordainduko dena”, azpimarratu du higiezinen-kudeatzaileak. Zentzu horretan, nabarmendu duenez, aurrezkia % 40ra bitartekoa izan daiteke, baina kasu guztietan ez da hala izango, kontsumoak ere eragina izango baitu.

Kontratua hornitzaile berdinarekin

Aldaketa eskaera bizilagunen komunitateko presidenteak edo kudeaketa daraman pertsonak egin beharko du ezinbestean, ziurtagiri digitala erabiliz. Era berean, dekretu berriak ahalbidetuko die galdara bakarreko komunitateei orain arte zuten kontratua etetea, edozein momentutan, eta inolako zigorrik eta aurretik jakinarazteko beharrik gabe. Salbuespen bat dago: “Zenbait komunitatetan, iazko kostu handiak izan zirela eta, ordainketak zatitu egin ziren, hornitzaileek ahalbidetzen zutelako hori egitea. Oraindik hori ordaintzeke badago, guztia pagatu arte ezin duzu eskatu”, adierazi du Landaidak.

Hala ere, aldaketak enpresa-talde berdinera izan behar du. Alegia, orain arte Iberdrolarekin kontratua zuenak, Curenergiara egin beharko du aldaketa, bigarren hau baita azken baliabideko baldintza eskaintzen duen Iberdrolaren filiala. “Zenbait merkaturatzaile ez dira inorenak, eta hor aukeratu dezakezu. Baina bestela, ezin duzu aldatu”, dio higiezinen-kudeatzaileak.

Aldaketa eskaera bizilagunen komunitateko presidenteak edo kudeaketa daraman pertsonak egin beharko du ezinbestean. Era berean, dekretu berriak ahalbidetuko die galdara bakarreko komunitateei orain arte zuten kontratua etetea

Iberdrolaz gain, beste hiru dira azken baliabideko tarifa eskaintzera derrigortuta dauden enpresak, merkatuko gehiengoa dutenak, eta denek filial bat dute horretarako: Total Energies —Basercor—, Naturgy —Comercializadora Regulada Gas &Power—, eta Endesa —Energia XXI—. “Enpresa horiek nolabait behartuta daude horrelako tarifak ematera, merkatuko enpresa nagusiak direlako; beraien egoera monopolio batetik gertu dago, eta, ondorioz, behar batzuk ezartzen dizkio gobernuak. Zentzuzkoa da”, mahaigaineratu du Urrestik.

Bilatzeko zailtasunak eta bat-bateko eskaerak

Bizilagun askok aldaketa eskaerak azkar gauzatzea nahi badute ere, zenbait oztopo topatu dituzte bidean. CNMC merkatuen eta lehiaren Espainiako batzordeak joan den astean iragarri zuenez, ikerketa bat abiarazi zuen erabiltzaileek aipaturiko TUR tarifak kontratatzeko topatzen ari ziren zailtasunengatik.

“Jendeak dio 50 minutu eta ordubete izan behar zarela telefono-ilaran itxaroten kontratatzeko. Gainera, Curenergiaren eta Comercializadora Reguladaren kasuetan, nabigatzaileetatik desagertu dira”, adierazi du EHUko irakasleak. Antza, Googlek ez indexatzeko tresnak erabili dituzte. “Izan liteke isunak jartzea, baina normalean nahiko baxuak izaten dira, eta gainera batzordea nahiko geldoa da diru-zigorrak ezartzen”, gaineratu du.

Aitor Urresti: "Izan liteke isunak jartzea, baina normalean nahiko baxuak izaten dira, eta gainera batzordea nahiko geldoa da diru-zigorrak ezartzen”

Landaidan, adibidez, oraindik ez dira hasi aldaketak eskatzen. “Une honetan informazio guztia biltzen ari gara, ziurtagiri digitalak egiten halakorik ez zuten komunitateetan, eta dagoeneko tramite guztiak egiten hasten”. Kudeatzaileak, baina, beste arazo bat ikusten du: “ez dakidana da botila-lepoa sortuko den. Bestela esanda, aipatutako guztia bideratu behar duten langileek abiadura izango ote duten kolpean iristen zaien guztia izapidetzeko”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK