Gipuzkoako lehen energia-komunitatea sortu da Eibarren, industria enpresek bultzatuta

Eibarko zortzi enpresak bat egin dute komunitatea sortzeko, eta instalatuko dituzten 347 plakei esker, urteko faktura elektrikoan %25eko aurrezpena lortzea da asmoa

TEK Azitainen aurkezpen ekitaldia | Argazkia: GFA TEK Azitainen aurkezpen ekitaldia | Argazkia: GFA

Acha Herramientas, Codesyntax, Hanna Instruments, Incubadora Eibargunea, Jose Maria Irazabal, Manufacturas Resort, Neurtek eta Teleapostuak enpresa eibartarrek bat egin dute industria enpresen energia-komunitate bat sortzeko, Gipuzkoan lehena. TEK Azitain (Tokiko Energia Komunitatea) izeneko ekimena izen bereko industrialdean egongo da, eta 347 plaka fotovoltaiko instalatuko ditu industrialdeko zortzi enpresa horiei energia emateko.

TEK Azitain, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta enpresek sustatua, Energiaren Euskal Erakundearen (EVE), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntza izan du. Edinorrek diseinatutako ereduaren arabera eratu da TEK Azitain komunitatea. Edinor Petronorren %100 filiala da, etaenergia-komunitateen garapenean espezializatuta dago.

1.086 m2ko azalera osoarekin, instalazioak 156 kW sortuko ditu eta urteko faktura elektrikoan aurreztea ahalbidetuko du. Izan ere, eguzki-plakek sortzen duten energia enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren %25 da gutxi gorabehera. Fakturatik deskontatuko zaie zuzenean eta ez dute ordainduko ez bidesaririk ez kargurik. Hori horrela, abantaila ekonomikoekin batera, urtean 972 tona CO2 isurtzea saihestuko da, hau da, 25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea.

Proiektuak enpresen energia-autonomia pixkanaka handitzeko helburua du, poligonoan garatzen den jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioa nabarmen hobetzeko eta bertan dauden enpresen energia-lehiakortasuna handitzeko. Ildo horretatik, industrialdean bertan biltegiratze-sistema bat jartzea eta instalazio fotovoltaiko gehiago jartzea ari dira aztertzen, interesa duten enpresa berriak komunitatean sar daitezen. Izan ere, komunitate honek enpresa eta instalazio berriak har ditzakete 2 kilometroko erradioan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK