Hidrogeno berdea garraiatzeko korridorea eraikiko dute Bilbotik Amsterdam eta Duisburgera

EAEn ekoitzitako hidrogeno berriztagarria Herbeheretako eta Alemaniako merkatuetara iristea ahalbidetuko du

Argazkia: Bilboko Portua Argazkia: Bilboko Portua

Bilboko Portua, Amsterdam (Herbehereak) eta Duisburgeko (Alemania) portuekin lotzeko korridorea eraikiko dutela iragarri dute gaur. Hiru hirietako portuko ordezkariak, EEE, Petronor, Evos Amsterdam eta Zenith Energy Terminals entitateek sinatu dute azpiegitura berria egiteko akordioa.

Europako Batasunak energia berriztagarriaren aldeko estrategiaren baitan gauzatuko da proiektua. Euskal Herrian ekoiztuko den hidrogeno berriztagarria Amsterdamera eraman eta bertan kontsumitzeko aurre akordio bat eginda zuten jada bi portuek orain hilabete batzuk. Orain Duisburgeko portua (Duisport) gehitu da hitzarmenera, merkatu alemaniarreko atea irekiz.

Hitzarmenean zera adostu dute: Petronorrek EAEn hidrogeno berriztagarria ekoiztea, Duisburgen eta haren inguruko industria eskualdeetan “kontsumo ahalmena eta eskari zentroak identifikatzea” eta garraio, biltegiratze eta banaketa ereduak ebaluatzea.

Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendariak; Markus Bangen Duisporteko zuzendari nagusiak; Aitor Arzuaga Alba Emission Free Energy by Petronoreko zuzendari nagusiak; Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak; Gert-Jan Nieuwenhuizen Amsterdamgo Portuko zuzendari nagusiak; Ellen Ruhotas Zenith Energy Terminalseko Energia Berrien arduradunak; eta Bart van der Meer EVOS taldeko Energia Berrien Negozioaren Garapenaren arduradunak sinatu dute akordioa.

Ormaetxek azaldu duenez, hiru herrialdeak batuko dituen korridorea garrantzitsua izango da deskarbonizazioan aurrera egiteko bai EAEn bai Europako beste eskualde industrialetan ere. Europako barne portu handiena da Duisport, eta kontinenteko "hidrogenoaren zentro" bilakatu nahi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK