Iberdrolak eta Munduko Bankuak trantsizio energetikoa sustatzeko akordio berria sinatu dute

Garatzeko bidean dauden herrialdeetan iraunkortasun helburuak lortzeko akordioa litzateke

Jose Sainz Armada eta Alfonso Garcia Mora Iberdrola eta IFCren arteko akordioaren unean | Argazkia: Iberdrola Jose Sainz Armada eta Alfonso Garcia Mora Iberdrola eta IFCren arteko akordioaren unean | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak eta Nazioarteko Finantza Korporazioak (IFC), Munduko Bankuaren sektore pribatuan inbertitzeko besoak, lankidetza hitzarmena sinatu dute garapenerako bidean dauden herrialdeetako trantsizio energetikoa sustatzeko.

Aliantza horren bidez, konpainiak eta munduko finantza erakundeak lankidetzan jardungo dute gorabidean dauden herrialdeetan trantsizio energetikoa sustatzeko, hainbat bideren bidez, besteak beste, iraunkortasun helburuei lotutako maileguen eta finantzaketa berdeen bidez.

Ohar bidez bi erakundeek jakinarazi dutenez, bien arteko aliantza hori astearte honetan formalizatu dute energia garbiak eta deskarbonizazioa bultzatzeko garapen bidean dauden herrialdeetan. Akordioa hiru zutabetan egituratuta dago: Lehenik eta behin, Nazioarteko Finantza Korporazioak 150 milioi dolarreko (138 milioi euro) mailegu berdea emango dio Iberdrolari, Iberdrolak Brasilen duen filialak, Neoenergiak, egiten dituen banaketa elektrikoko sareetan digitalizazio eta eraginkortasun energetikoko hobekuntzak finantzatzeko. Korporazioak Neoenergiari egindako bigarren mailegua da hau, 2022an 115 milioi dolarreko mailegu jasangarriak eman baitzizkion.

Bigarrenik, Iberdrola eta Finantza Korporazioa mailegu berde bat prestatzen ari dira, iraunkortasun adierazleekin lotuta, energia berriztagarriko proiektuak garatzeko garapenenerako bidean dauden herrialdeetan, hala nola, Polonian, Marokon eta Vietnamen.

Hirugarrenik, bi bazkideek lankidetza aukerak aztertzen dihardute herrialde horietan energia garbi berritzaileen proiektu berriak garatzen laguntzeko, hala nola, itsasoko energia eolikoa edo hidrogeno berdea.

Bere aliantzaren berri eman ostean, Jose Sainz Armada Iberdrolako Finantza, Kontrol eta Garapen Korporatiboko zuzendariak adierazi duenez, akordio horrekin "aurrera pauso handia” eman dute trantsizio energetikoan, deskarbonizazioan eta garapen bidean dauden herrialdeetako elektrifikazioan.

Bestalde, Alfonso Garcia Mora Europa, Latinoamerika eta Kariberako Nazioarteko Finantza Korporazioaren presidenteordeak esan du "harro" daudela "gorabidean dauden merkatuetan Iberdrolarekin izandako lankidetzaz". Izan ere, "Neoenergiarekin sinatu ditugun maileguak lehen urratsa dira Brasilen, Polonian, Marokon eta Asiako hego-ekialdean trantsizio energetikoa bultzatuko duen lankidetza zabalago baterako”, azpimarratu du.

Herrialde horietan, Iberdrola hainbat proiektu berriztagarritan ari da aurrera egiten. Hain zuzen ere, Polonian 7.300 MWeko itsas eolikoko zorroa garatzen ari da SeaWindekin batera. Era berean, duela bi urte, Iberdrolak Sowitec Vietnam erosi zuen, sei proiektutan banatuta: bost parke eoliko eta 50 MWeko proiektu fotovoltaiko flotatzaile bat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK