Iberdrolak eta Norges Bankek bat egin dute ahalmen berriko energia berriztagarrietan inbertitzeko

Bi enpresek bat egin dute Espainiako deskarbonizazioa bizkortu asmoz

Ignacio Galan Iberdrolako presidentea eta Nicolai Tangen Norges Bankeko arduraduna | Argazkia: Iberdrola Ignacio Galan Iberdrolako presidentea eta Nicolai Tangen Norges Bankeko arduraduna | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak aliantza estrategiko bat sinatu du Norges Bank Investment Managementekin, Norvegiako funts subiranoarekin, Espainian ahalmen berriztagarri berriko 1.265 MWtan inbertitzeko ( %20 eolikoak eta %80 fotovoltaikoak). Hala, Norvegiako funts subiranoak 600 milioi euro inguru ordainduko ditu aktiboen zorroan %49ko partaidetza izateagatik.

Iberdrolak aktiboen %51ko gehiengoa izango du, eta, gainera, hori kontrolatu eta kudeatuko du, eragiketa- eta mantentze-zerbitzuak eta beste zerbitzu korporatibo batzuk eskainiz.

Bi enpresek bat egin dute Espainiako deskarbonizazioa bizkortzeko, etorkizunean beste herrialde batzuetara heda daitekeen akordioa, Iberdrolak berak ohar bidez jakinarazi duenez.

Aipatutako 1.265 MW horietatik, 137 MW operatiboak dira – Gaztela-Mantxan eta Aragoin –, eta gainerakoak garapen-bidean daude, Andaluzian (358 MW), Extremaduran (343 MW), Aragoin (175 MW), Gaztela eta Leonen (102 MW), Madrilen (55 MW), Murtzian (50 MW) eta Gaztela Martxan (45 MW) banatuta.

Zorro berriztagarri horrek 700.000 etxeri baino gehiagori energia emateko gaitasuna izango du urtero.

Baker McKenzie eta Barclays izan dira Iberdrolaren aholkulariak transakzio honetan, eta Clifford Chance, berriz, Norges Bankena.

Norges Bank Investment Management erakundeak, Norvegiako funts subiranoa kudeatzen duenak, 1,4 bilioi euro inguruko aktiboak eta 9.000 konpainia baino gehiagoko partaidetzak kudeatzen ditu. Batez beste, munduko enpresa kotizatu guztien %1,4 eta Europako enpresa kotizatu guztien %2,5 ditu.

Norges Bank Investment Management, gainera, Iberdrolaren akziodun nagusietako bat da, duela zazpi urte baino gehiagotik %3tik gorako partaidetzarekin.

"Iberdrolak eta Norges Bank Investment Managementek lehentasunezko bi bazkideren arteko aliantza sendoa sortu dute, eta gure konpromisoa beste lurralde batzuetako aukera berriztagarrietara heda liteke", nabarmendu du Ignacio Galan buru duen konpainiak.

Aliantzak handituz

Azken hiru urteetan, Iberdrolak epe luzerako hainbat aliantza sinatu ditu ekonomiaren deskarbonizazioa bultzatzeko.

Duela gutxi, Iberdrolak eta BPk akordioa lortu zuten kargatzeko azpiegituren hedapena eta hidrogeno berdearen ekoizpena bizkortzeko Espainian eta Portugalen. Era berean, duela hilabete batzuk konpainiak aliantza bat sinatu zuen Energy Infrastructure Partnersekin, Wikingerreko itsas parke eolikoan inbertitzeko eta itsas eolikoaren zorroa indartzeko.

2021ean, Mapfre ere sartu zuen bazkide gisa, besteak beste, 295 MWeko aktibo eolikoen zorro batean batera inbertitzea barne hartzen duen akordio batean.

Pandemia baino lehen, Iberdrola GIGekin elkartu zen East Anglia One itsas parke eolikoan, instalazioaren %40arekin. Eragiketa horren ondorioz, beraz, bazkide berri bat sartu zen instalazio berriztagarri horretan, eta Iberdrolak %60ko partaidetza gehiengoari eutsi dio.

Iberdrolak berretsi egin du Espainiako trantsizio energetikoaren aldeko apustua: 19.500 MW inguru lortu ditu 2022ko hirugarren hiruhilekoaren amaieran, eta horiei gehitu behar zaizkie bere sare- eta biltegiratze-aktiboak.

Gainera, konpainiak aurreikusten du 6.000 milioi euro gehiago inbertituko dituela Espainian 2025era arte, gaur egun hornitzaileen katean dituen 85.000 enpleguak are gehiago handituz.

Iberdrolaren aktiboak 170.000 milioi eurora iritsi dira irailean mundu osoan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK