Iberdrolak segurtasun energetiko berdea lortzeko premiazko neurriak zehaztu ditu

‘Electric, Together’ kaleratu du, segurtasun energetiko berdea lehenbailehen lortzeko 2023rako lehentasunak ezartzen dituen bost puntuko manifestua

Ignacio Galan Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola Ignacio Galan Iberdrolako presidentea | Argazkia: Iberdrola

Iberdrolak ‘Electric, Together’ izeneko txosten berria aurkeztu du, bost puntuko manifestua munduko arduradun politikoei, energia- eta industria-sektoreetako enpresei, eta beste eragile ekonomiko eta sozial batzuei zuzendutako ekintzarako deia. Petrolioak eta gasak bultzatutako krisi-zikloa apurtzeko eta energia garbien bidez ahalik eta azkarren segurtasun energetikoa eskaintzeko aurten hartu beharreko neurriak zehazten ditu dokumentuak.

Davoseko Munduko Ekonomia Foroan parte hartzen diharduten agintariei zuzendutako manifestuak trantsizio energetikoan konpondu gabe dauden erronkak azaltzen ditu eta helburu hori abiadura handian lortzeko modurik onenak zehazten ditu.

Iberdrolak 47.000 milioi euro inbertituko ditu 2023tik 2025era bitartean Estatu Batuetan, Europan, Erresuma Batuan, Latinoamerikan eta Asia-Pazifikoan energia-sistema hobetzeko.

Segurtasun energetiko berde baterantz aurrerapausoak emateko Iberdrolak proposatutako neurrien artean leudeke, sare adimendunen hedapena azkartzea; energia berriztagarrien hedapena moteltzen duten baimenak azkarrago ematea; hidrogeno berdearen erabilera zabaltzea, karbonoa kentzen zailak diren industrietarako konponbide gisa; klima larrialdiaren aurkako irtenbideetan berrikuntza gehiago egitea; eta deskarbonizazioaren epe luzerako helburua uneoro gogoan izatea, krisitik ahalik eta baldintza hoberenetan atera ahal izateko.

Ignacio Galan Iberdrolako presidenteak ziurtatu duenez, "2022ak lezio bat irakatsi digu, elektrifikazio azkarra eta sistema energetiko seguruagoa, garbiagoa eta lehiakorragoa lortzeko elkarrekin lan egin behar dugula. Munduak erregai fosilen menpe jarraitzen du, hori da errealitate gogorra, eta lehenbailehen aurrerapausoak eman beharra dago egoerari buelta eman nahi badiogu”. Horri lotuta, 2023a erregai fosilek bultzatutako krisiari amaiera emateko urtea dela gaineratu du Galanek, horretarako inbertsio iraunkorra, energia garbiak eta sareen zein biltegiratzeen berrikuntza erabiliz: “Gasak eragindako krisia konpontzeko, berrikuntzan inbertsio iraunkorra egin behar da, berriztagarri gehiago, sare gehiago eta energia gehiago biltegiratzeko. Irtenbide guztiak badaude jada, ez dago oztopo teknologikorik trantsiziorako. Hala ere, agintari politikoek aurrerapauso gehiago ematea falta da, oraindik ere erronka ugari baitaude gainditzeko”, adierazi du Iberdrolako presidenteak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK