Ingeniariek ere etxeetan energia eraginkortasuna hobetzeko ziurtagiriak eman ahal izango dituzte

Jaurlaritzak arkitekto eta arkitekto teknikoez gain, ingeniari eta ingeniari teknikoak ere onartu ditu ziurtagiri horiek emateko tituludun eskuduntzat

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA) gomendioari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak Ingeniaritzako tituludunen eskumena onartu du, Next Generation EU funtsen Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren barruan, etxebizitzetan eta eraikinetan energia eraginkortasuna hobetzeko laguntzak lortzeko beharrezkoak diren energia ziurtagiriak eta justifikazio memoriak emateko.

Kontsumitzaileei mesede egiten dien neurria dela jakinarazi du Lehiaren Euskal Agintaritzak, orain arte arkitektoak eta arkitekto teknikoak baino ez zirelako profesional gaitutzat hartzen, baina merkatuko lehiak zerbitzu eta prezio hobeak eskaintzen dituelako. LEAk Industria Ingeniaritzako tituludun pertsona baten eskariz jardun duela argitu du, berak adierazi baitzien hirigintza kudeaketako udal enpresa batzuek ez zutela ingeniaririk onartzen etxebizitzetako leihoak aldatzerako garaian, memoria egiteko eta eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari dagokio laguntza horiek ematea, eta Birgaitze Bulegoez edo Opengelaz osatutako sare bat sustatu zuen, herritarrek dirulaguntza horiek errazago eskura ditzaten. Deialdi horiek arautzen dituen agindua aztertu ondoren, LEAk egiaztatu zuen justifikaziorik gabeko lehia murriztu zitekeela. Horrenbestez, txosten bat egin zuen, eta Sailari sare horretara gutun bat bidaltzeko gomendioa luzatu zion, herritarrei ematen dieten informazioan jakinaraz dezaten arkitekto eta arkitekto teknikoez gain, ingeniari eta ingeniari teknikoek ere eskumena dutela halako ziurtagiriak eta memoria emateko, beren eskumen profesionalen eta lanbidean jarduteko arauetan oinarrituz.

Ondorioz, Jaurlaritzak Lehiaren Euskal Agintaritzaren gomendioari jarraitu dio, eta EAEn Next Generation Funtsen kudeaketan laguntzen duen erakundeekin adostu du lau eremu horietatik datozen tituludunek eskumena izango dutela energia eraginkortasuna hobetzeko beharrezkoak diren ziurtagiriak emateko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK