Itsaraz parke eolikoa 8 haize errotaz osatuta egongo da Aramaio eta Eskoriatza artean

Statkraft norvegiarraren proiektuaren ingurumen azterketa jendaurreko informazio fasean dago gaurtik hasita, alderdi interesdun guztiek euren gogoetak egin ditzaten

Parke eolikoa| Argazkia: iStock Parke eolikoa| Argazkia: iStock

Norvegiako Statkraft konpainiaren Itsaraz parke eolikoa zortzi haize sorgailuk osatuko dute, Aramaio (Araba) eta Eskoriatza (Gipuzkoa) artean. 60,4 megawatteko (MW) edukiera instalatuarekin, urtero 44.100 familia inguru energia garbi eta autoktonoz hornitzeko aukera izango luke, konpainiak azpimarratu duenez.

Proiektuaren ingurune naturala zaintzeko eta, ahal den guztietan, aberasteko, Statkraftek hainbat ingurumen neurri aurreikusi ditu. Eremu degradatua lehengoratzeko eta landareztatzeko plan bat proposatzen du, gutxienez proiektua gauzatzeak eragindako azalera osoaren berdina izango duena.

Faunaren kalitatea hobetzeko, konpainia norvegiarrak hainbat ekimen proposatzen ditu, hala nola, gordeleku artifizialak sortzea, edota faunarentzako ur guneak eta isurbideak egitea. Halaber, aerosorgailuak detektatzeko eta aktiboki gelditzeko sistema aurreratu bat ezartzea ere espero du, hegazti faunan ahalik eta inpaktu txikiena izateko.

Eraikitze aldian, 2026-2027 urteetarako aurreikusia dagoenean, kalitate akustikoaren kontrola egingo dute Aramaio eta Eskoriatza udalerrietan, eta zaintza talde batek, obrak hasi aurretik egingo den zuinketa baten ondoren, 15 egunean behin berrikusiko ditu hegazti fauna eta landaredia. Amaitzean, kaltetutako lurra leheneratuko da.

Ostegun honetatik aurrera, proiektua eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana publiko egin dituzte, interesa duten alderdiek beren gogoetak egin ditzaten. Behin Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratuta, hurrengo egunetan Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE), Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratuko dsa proiektua.

Proiektu gehiago

Statkraftek gogorarazi du, Itsaraz parkeaz gain, beste instalazio bat ere garatzen ari dela Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean, Piaspe izenekoa, eta 33 megawatteko edukiera izango duena.

Itsaraz eta Piaspe parkeek 90 milioi eurotik gorako inbertsio bateratua izango lukete, eta 2027an hasiko lirateke lurraldearentzat energia "garbia, eskuragarria eta autoktonoa" ekoizten. Ekoizpen horrek 68.000 etxe inguruko urteko batez besteko kontsumoa hornitu lezake, Statkraftek adierazi duenez.

Informazio gehiago
Euskadin bi parke eoliko martxan jarri nahi ditu Norvegiako enpresa batek
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK