Jaurlaritzak argi berdea eman dio Azazetako parke eolikoaren proiektuari

Hori bai, ingurumenari lotuta aldaketa batzuk egin beharko ditu Aixeindarrek proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko

Parke eolikoa| Argazkia: iStock Parke eolikoa| Argazkia: iStock

Eusko Jaurlaritzak Arabako Azazetan parke eolikoa egiteko administrazio baimena eman du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu du ebazpena. Hori bai, Aixeindar Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren sozietatek aldaketa batzuk egin beharko ditu proiektuarekin aurrera jarraitu nahi badu. Ingurumenari lotutako aldaketak dira, flora eta fauna gehiago babesten lagunduko dutenak.

Aixeindarrek 40 megawatteko energia ekoitziko duten zortzi haize errota ezarri nahi ditu Azazetan, baina, Jaurlaritzak horietako hiru errota lekualdatzeko eskatu dio, eremu babestuetatik oso hurbil kokatuko direlako. Hori lortzeko, erdi tentsioko linearen zati batek lur azpitik joan beharko du, zuhaitzak ez mozteko. Faunari lotuta, berriz, soinuari aurre egiteko sistemak eta elektrokuzioaren aurkakoak erabili beharko dituzte. Bestalde, herritarrengan izan ditzaketen eraginak ere murrizteko, goi tentsioko lineak herrietatik 200 metro baino gehiagora kokatu beharko dira, eta etxe bakartuetatik 100 metrora. Herritarrei zarata murrizteko hartuko lirateke azken neurri horiek.

Arraia-Maeztu, Dulantzi, Durruma, Iruraiz-Gauna eta Bernedo dira Azazetako parke eolikoaren eragina somatuko duten udalerriak.

Jaurlaritzak jakitera eman duenez, parke eolikoaren tramitazioa hasi zenetik jada zenbait zuzenketa egin dizkio, eta are gehiago egitea aurreikusten du. Hori kontuan izanda, parke eolikoa martxan jartzeko oraindik beste bi urte beharko direla adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK