Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari onespena eman dio

EAEko Aldizkarian argitaratu du eta energia berriztagarrien kokapen zehatzaren mapa ere ezagutarazi du. Alegazioak aurkezteko 45 eguneko epea ireki da

Oiz mendiko parke eolikoa | Argazkia: iStock Oiz mendiko parke eolikoa | Argazkia: iStock

Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari lehen onespena eman dio Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu du. Halaber, energia fotovoltaiko eta eoliko horien kokapena zehazten duen mapa ere ezagutarazi du.

Plan Sektorialaren arabera, 110 lekutan ezarriko lirateke berriztagarriak, 92 udalerritan. Horietatik 49 Bizkaian daude, 19 Gipuzkoan, eta 42 Araban.

Parke fotovoltaikoei lotuta, 23na kokapen posible zehazten ditu Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 7 Gipuzkoan. Arabako Lautada, Añana, Arabako Errioxa, Durangaldea, Mungialdea, Bilbo Handia, Arratia-Nerbioi eta Tolosaldea aipatzen ditu parkeak ezartzeko gune egokientzat. Parke eolikoei dagokienez, berriz, Bizkaiko 26 udalerri aipatzen ditu Planak, Gipuzkoako 12, eta Arabako 19.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoan jasangarritasuna lortzeko oinarrizko tresnak izan behar ditugu, egun kontsumitzen dugun energiaren %10 baino ez baita berriztagarria. Helburua kopuru hori bikoiztea da 2030erako eta horretan lagunduko digu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak”.

Jaurlaritzaren helburua da Plan Sektorial hori legealdia amaitzerako behin betiko onartua izatea. Behin Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, alegazioak aurkezteko 45 eguneko epea ireki da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK