Krisi energetikoa: eta orain zer?

Ekonomisten Euskal Elkargoak zenbait aditu bildu ditu, krisi energetikoak ekonomian eta, oro har, gizartean izan dituen eraginak aztertu eta irtenbide posibleak aurkitzeko

Ekonomisten Euskal Elkargoak krisi energetikoaren inguruan antolatutako solasaldia | Argazkia: EnpresaBIDEA Ekonomisten Euskal Elkargoak krisi energetikoaren inguruan antolatutako solasaldia | Argazkia: EnpresaBIDEA

Europa prestatzen ari da Errusiak gasaren iturria itxi edo irekitzeari buruz hartutako erabakiak datorren neguan industriaren, merkataritzaren eta herritarren bizitzaren funtzionamendua baldintza ez dezan. Horixe da azken asteetako kezka nagusia, bolo-bolo dabilen gaia. Energia-krisi baten aurrean gaudela diote adituek, klima-aldaketaren ondorioekin konbinatuta. Baina, zer nolako eragina izan dute azken gertakizunek gure ekonomian eta gizartean? Ekonomisten Euskal Elkargoak adituak bildu ditu, egungo energiaren problematikak ekonomiarekin duen lotura aztertu, eta egoeraz hausnartzeko, betiere ikuspuntu desberdinak kontuan hartuta.

Lehenik eta behin, energia eta ekonomiaren arteko loturaz hitz egin beharra dago. Leire Astigarraga, Goienerreko merkatu teknikariaren arabera, Barne Produktu Gordina igotzen joan den heinean, energia eskariak ere goranzko joera izan du. Hala ere, bere ustetan, ekonomian hazten jarraitzeko desira hori badago ere, energia ekoizten jarraitzeko ahalmena falta zaigu, baliabideak bukatzen ari direlako: “erregai fosilak gero eta urriagoak dira, mugara iristen ari dira beste baliabide mineral batzuekin batera. Horiek izan litezke, gainera, energia berriztagarria lortzeko behar ditugunak”, azaldu du. Egoeraren aurrean, “hausnarketa” puntu batera iritsi garela uste du, ezin dutelako ekonomiak eta energiak biek batera aurrera gehiago jarraitu, haziz doan ekonomiak ezin duelako energiak sostengatu. Egoeraren aurrean, ekonomia sistema aldaketa bat proposatu du.

Leire Astigarraga: “Erregai fosilak gero eta urriagoak dira, mugara iristen ari dira beste baliabide mineral batzuekin batera. Horiek izan litezke, gainera, energia berriztagarria lortzeko behar ditugunak”

Ondorioz, lotura badute, baina Fernando Plazaola EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle katedradun eta dekanoak dio, ez dela kontuan hartu beharreko konexio bakarra, energia gaur egun ez dagoelako soilik ekonomiaren menpe, ingurumenari ematen zaion garrantzia duen kostuaren mailakoa ere badela ohartaraziz. Beraz, esan liteke energia eta ekonomia gizartearen garapenari oso lotuta daudela.

Energiarekiko menpekotasuna

Solasaldian elkartu diren adituak bat datoz “ongi bizitzen ohitu garela” esatean, eta eguneroko bizitzan ezinbesteko ditugunak “era merke batean” lortzen ditugula baieztatzean. Orain arte, gas bidezko energia prezio baxuan izan dugula diote, eta energia eskura izatea “normaltzat” jotzen dugula. Ikatza kenduta, argi diote gero eta gas gehiago behar dugula, eta Errusiaren azken ekintzekin konturatu garela energiarekiko eta bereziki gasarekiko “ikaragarrizko menpekotasuna” dugula. Egoera horretara espero gabe, kolpetik, iritsi garenez, ziurgabetasuna eta ardura orain iritsi direla uste dute.

Hala ere, diote krisia ez dela oraintxe sortu, erregai fosiletan oinarritutako energia izan dugun unetik, aspalditik jakina zelako bukaerara iritsiko ginela. Egindako erabileragatik, ordea, krisi energetikoa azeleratu egin dela azaldu dute.

Elias Unzueta: “Gureak propioak ditugun errekurtsoak falta bazaizkigu, gauza asko birplanteatu eta gureak ekoizten hasi beharko dugu”

Ondorioz, enpresa asko dira kontuak ateratzen ez zaizkiela eta kinka larrian daudenak, batez ere, energia ekoizten duten konpainiak. “Krisi energetikoa denboran asko luzatzen bada, krisi soziala ere sor liteke. Gizartearen kohesioa zalantzan jartzeko arrisku errealaren aurrean egon gintezke”, ohartarazi dute.

Irtenbide bila

Europa txikitzen ari da, nagusitasuna galtzen. Hala dio Elias Unzueta Petronor Innovacion SLko arduradunak, Asia lortzen ari den nagusitasunaren aurrean. Kolonizazioekin eta bestelakoekin, Ipar Amerikarekin batera, urte luzez ondasunak gure egin izan ditugula aitortu du, eta etorkizunera begira horrek arazoak ekar litzakeelakoan dago. Ondorioz, gure errekurtso propioak falta bazaizkigu, gauza asko birplanteatu eta gureak ekoizten hasi beharko dugula uste du. Energia berdeak lortu bide horretan kanpora begira egon beharrean, autokontsumoa eta energia komunitate propioen sorrera irtenbide egokiak liratekeela uste du Leire Astigarraga Goienerreko merkatu teknikariak.

Arazorik handiena, hala ere, “ongi bizitzen jarraitu nahi duen gizartean” ikusten du Guillermo Basañez-Unanue EVEko Azterlan atalaren arduradunak, ez ginatekeelako prest egongo atzera pauso bat eman eta zenbait “luxuri” uko egiteko. Etorkizuna energia berriztagarrietan dagoela ados daude elkartu diren adituak, baina, energia berdeak lortu bitarteko trantsizio horretan, 2050eko ituna bete arteko bitarte horretan, “gabezia ugari” daudela uste du Basañez-Unanuek, “trantsizioko energia bermatu beharra dagoelako”. Horretarako, lehendabizi, egiaz zenbat energia behar dugun finkatzea beharrezkotzat jo du. “Energia non galtzen dugu? Nola berreskura dezakegu airera botatzen dugun energia? Led argiak jar ditzakegu? Prozesu batzuk nola alda ditzakegu energia gutxiago kontsumituz?”. Ezer baino lehen galdera horiei erantzuna aurkitu behar zaiela uste du, berriztagarriak iritsi bitartean arazorik izan ez dezagun.

Guillermo Basañez-Unanue: “Arazorik handiena ongi bizitzen jarraitu nahi duen gizartean dago, ez ginatekeelako prest egongo atzera pauso bat eman eta zenbait luxuri uko egiteko”

Horregatik guztiagatik, etorkizun batean energia berriztagarriak nola lortu baino, egiazko arazoa egun dagoela uste dute adituek, irtenbideak aurrera begira ez baino egunekora begira “berehala” aurkitu beharra dagoela. Hortxe erronka.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK