Labrazako parke eolikoak ingurumen baimena jaso du

Azazetakoak “egun gutxian” jasoko du Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak esandakoaren arabera. Biak ere 2025erako martxan egongo direla jakinarazi du

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua | Argazkia: Irekia Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua | Argazkia: Irekia

Labrazan (Araba) parke eolikoa egiteko proiektuak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena jaso berri du, eta Azazetakoak (Araba) “egun gutxian” jasoko duela jakinarazi du Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak. Labrazako proiektu eolikoa 2024. urte amaieran gauzatzea aurreikusten du sailburuak, eta Azazetakoa, 2025ean. Biak ala biak 2025. urte amaierarako martxan egongo direla adierazi du.

Bi parke eolikoek zortzina aerosorgailu izango dituzte, eta 40na megawatt sortzeko gaitasuna izango dute. Labrazakoa Arabako Oion udalerrian kokatuko da eta Aixeindarrek, Iberdrolak, eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako sozietateak sustatutako ekimena da. Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroari, biei, eragiten dien proiektua denez, ministerioren tramitazioa behar izan du, eta aldeko txostena jaso berri du. Azazetakoa, berriz, Arabako Dulantzi, Iruraiz Gauna, Arraia Maeztu, Bernedo eta Donemiliaga udalerrietan kokatuko da. Aixeindar da proiektuaren sustatzailea. Eusko Jaurlaritza parkeari dagokion ingurumen baimena amaitzen ari da, eta behin Arabako Foru Aldundiak Plan Berezia onartzen duenena, tramitazioa osatuta egongo da.

Bestalde, Tapia sailburuak adierazitakoaren ildotik, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (EAEko lurraldea antolatzeko tresna) beste aurrerapauso bat eman du eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eskuetan dago dagoeneko. “Hasierako fasean” dagoela aurreratu du sailburuak, eta prozesu administratiboak beste urte eta erdi iraungo duela jakinarazi du.

Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoak kontsumitzen duen energiaren %10 sortzen du, baina 2030erako %30 sortzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, horretarako iturri berriztagarriak erabiliz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK