Mondragon Unibertsitateak energia eolikoan laguntzeko erdi tentsioko laborategia inauguratu du

Turbinen ahalmen elektrikoak optimizatzeko helburuarekin, energia ekoizpena urtean %5 handitzeko eta CO2 isuriak zein kostuak murrizteko teknologiak erabiliko ditu

Laborategiaren inaugurazio ekitaldia | Argazkia: Mondragon Unibertsitatea Laborategiaren inaugurazio ekitaldia | Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

Mondragon unibertsitateak erdi tentsioko laborategi berria inauguratu du energia eolikoaren sektorea hobetzeko xedearekin. 700 metro koadroko azalera du, eta Europan bakarra da. Mondragon Unibertsitateak eta Siemens Gamesa, Infineon eta SGB-SIMT enpresek sustatutako Europako proiektuaren barruan jarri da abian instalazio berria. Programa horrek, FASTAP izenekoak, turbinen ahalmen elektrikoak optimizatzea du helburu, eta horretarako erabiliko dituzten teknologiek %5 handituko dute urteko energia ekoizpena, %5,5 murriztuko dute energia eolikoaren palanka efektuaren kostua, eta nabarmen gutxituko dituzte CO2 isuriak ere.

Europar Batasunak finantzatutako proiektua da, eta 2 milioi euroko inbertsioa jaso du ikerkuntzako eta berrikuntzako Horizon 2020 programaren barruan. Sektorean liderrak diren lau erakundek partzuergo bat sortu dute. Erakundeok energia eolikoan erreferentziazkoak diren herrialdeetan dihardute, Danimarkan, Espainian eta Alemanian, hain zuzen ere.

Siemens Gamesa da proiektuaren koordinatzaile nagusia eta FASTAP produktuaren integratzaile eta balidatzailea. Infineon enpresak, berriz, errendimendu handiko erdieroale bipolarrak diseinatu eta fabrikatzen ditu, eta ezagutza teknikoak eta erabilitako erdieroaleen ahalmen komertziala eskaintzen dizkio proiektuari. SGB-SMIT enpresak, tamaina ertaineko transformadoreen Europako fabrikatzaileak, transformadoreen inguruko ezagutza teknikoak eta ahalmen komertziala ekarri ditu partzuergora. Mondragon Unibertsitateari dagokionez, enpresara gehien bideratuta dagoen eta enpresatik hurbilen dagoen unibertsitatea izanik, aerosorgailuen kargako hartuneak aldatzeko teknologia berriari buruzko ezagutza transferitzeaz arduratuko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK