European Hydrogen Week azoka egiten ari dira egunotan Bruselan (Belgika), eta bertan izan zen atzo Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria. Foru erkidegoko sei erakundek (Acciona Plug, Nordex Electrolyzers, Alkeymia, AIN eta Cener) parte hartu dute topaketan, eta hidrogeno berdearen sektoreko azken garapenak ezagutzeko parada izan dute.
Irujok azaldu duenez, “Nafarroa da Europan hidrogeno berdea garatzeko potentzial handiena duen eskualdeetako bat”. Kontseilariak Nafarroaren ekosistema nabarmendu du zeinak hidrogeno berdea garatuz, enpresa handien deskarbonizazioa erraztu lezakeen. "Gaur egun dagoeneko bi proiektu garatzen ari gara eta 157 milioi euroko inbertsioa suposatzen dute", esan du.
Lehenengo proiektua Acciona Plug enpresaren esku dago, eta 25 MWko potentzia duen elektrolizagailu bat eraikitzen ari dira, urtean guztira 3.880 tona hidrogeno berde ekoizteko. Horretarako, 87 milioi euroko inbertsio egitea aurreikusten da.
Bestalde, Nordex Electrolyzers Europa mailako proiektu garrantzitsu bat (IPCEI) lantzen ari da, teknologia propioa duten elektrolizagailuak garatzean datzana. Ezarpen horrek 70 milioi euroko inbertsioa izango du, zortzi urtean metatuta, eta 150 lanpostu zuzen sortuko dituela neurtu dute.