Petrolioaren jaitsierak %16 murriztu ditu sektorearen aurtengo irabaziak

Atzeraldiaren beldurrak eta Errusiako esportazioen gorakadak petrolioaren prezioa murriztea ekarri du

Argazkia: Repsol Argazkia: Repsol

Petrolioaren prezioa %12 jaitsi da 2023an, eta sektoreko enpresen irabazietan eragina izaten ari da. Brent upelak 86 dolarreko prezioan hasi zuen urtea, baina apurka-apurka hauspoa galtzen joan da eta 76 dolarreko prezioan dago orain. Horren ondorioz, petrolioaren sektoreko 35 konpainia kotizatu handienen irabazi aurreikuspena %16 murriztu da, guztien artean 222.830 milioi euroko irabazietatik 186.675 milioira jaitsiz.

Adituen arabera, sektorearen gainbehera ez da 2023ra mugatuko, 2024an ere mozkinak beste %4,5 jaitsiko direla aurreikusi baitute, 178.226 euroan geratuz.

Eskari gutxiago eta eskaintza gehiago

Petrolioaren gainbehera duela hilabete batzuk hasi zen, mundu mailako atzeraldi baten zurrumurruak ugaritzen hasi zirenean. Halaber, interes tasen igoerek eta banku zentralen aktiboen balantzeen murrizteak kalte handiak eragin dizkio sektoreari. Ondorioz, petrolio gordinaren eskariaren beherakadaren beldurrak presioa eragin du eta prezioak jaitsi egin dira. Baliabide energetikoaren ekoizle nagusiak ez dira gai orain euren politikekin prezioak igotzeko.

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta bere kanpoko bazkideek 2022an adostutako ekoizpen murrizketa handituko zutela iragarri zuten apirilean, eguneko 3,66 milioi upeletaraino eramanez, munduko petrolio eskariaren %4 inguru.

Zifra horiek mahai gainean jarrita, analista askok iragarri zuten petrolioaren prezioek gora egingo zutela. Baina ez da halakorik gertatu, apirilaren 2tik Europako petrolio upelaren prezioak %9 baino gehiago egin baitu behera. Nazioarteko Energia Agentziaren hileroko azken txostenaren arabera, Errusia ez da itunean hitzemandako ekoizpen murrizketak egiten ari, eta horrek azal dezake azken hilabeteetan prezioek bizi duten ahultasunaren zati bat. Izan ere, eskaintza murriztu beharrean (Errusiak egunean 500.000 upel murrizteko konpromisoa hartu zuen), herrialdeak azken asteetan Ukrainako gerra hasi baino lehenagotik ikusi gabeko petrolio esportazio mailak lortu ditu.

Repsol salbuespenen artean

Sektoreko 35 enpresa kotizatu handienetako 32k ikusi dute irabazien murrizketa urtea hasi zenetik.  Hala ere, hori saihestea lortu duenik ere bada, tartean, Repsol. Analistek %6,9 hobetu dute enpresarentzako irabazien aurreikuspena, urtarrilean 4.488 milioi espero zituzten, eta une honetan 4.796 milioi.

Repsolek negozio dibertsifikatua du, eta horrek sektorea jasaten ari den irabazien estimazioaren narriadurari aurre egiten lagun diezaioke. Orain, energia iturri berriztagarriekin ekoizteko trantsizio prozesu batean murgilduta dago, eta kontuan izan behar da bere negozioaren zati handi bat ez da petrolioarena bakarrik, gasaren negozioarekiko esposizio handia ere baduelako.

Sektoreko gainerako erraldoiek, hala nola Exxon Mobil eta Chevron estatubatuarrek, eta Shell, TotalEnergies eta BP europarrek, beren irabazien aurreikuspenetan okerrera egin dute, %9, %13, %11, %16 eta %10 hurrenez hurren.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK