Senperen eguzki parke bat eraikitzeko baimena eskatu du I-Ener energia berriztagarrien ekoizleak

Tokiko energia ekoiztu asmoz egin du eskaera. Ipar Euskal Herrian beste lau parke eraikitzeko baimena ere eskatuko du aurten

Senpereko Zaluaga gunea, eguzki parkea eraiki asmoa duten lekua | Argazkia: I-Ener Senpereko Zaluaga gunea, eguzki parkea eraiki asmoa duten lekua | Argazkia: I-Ener

Senperen (Lapurdi) eguzki parke bat eraikitzeko baimena eskatu du I-Ener energia berriztagarrien ekoizleak. Zaluaga izeneko gunean eraiki asmoa du, arriskurik gabeko hondakinak lurperatzeko instalazio ohiaren gainean. Urtean 2,3 GWh ekoitziko lituzke, 500 etxebizitza hornitzeko adina energia.

Bil Ta Garbi sindikatuaren eskumenekoa da Zaluaga gunea, eta proiektua begi onez ikusi du, beste gauza askotarako erabilgarri ez dagoen lurretan eraikiko litzatekeelako eta tokiko energia ekoiztuko litzatekeelako. Izan ere, Ipar Euskal Herrian kontsumitzen den elektrizitatearen %94 kanpotik etorria izaten da.

2024a bukatzerako Senpereko parkea eraikitzen hastea aurreikusi du I-Enerek. Momentuz, finantzaketa prozesuarekin dihardute lanean, asmoa proiektuaren zati bat herritarren dirulaguntzekin ordaintzea baita. Bil eta Garbi sindikatuari ere proiektuan ekonomikoki parte hartzeko proposamena luzatu diote, eta, behar izanez gero, mailegu bidez osatuko lukete falta zaiena.

Ipar Euskal Herriko lehen eguzki parkea litzateke, eta, bide horretan, beste lau baimen eskatu asmoa du I-Ener konpainiak urtea amaitzerako: Baionan (Lapurdi), Urruñan (Lapurdi), Maulen (Zuberoa) eta Behaskanen (Behe Nafarroa).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK